Edukira joan

Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriagak bosgarren edizioa ospatuko du, euskal sormen garaikidearekin sei hitzordu eskainiz

image
  • 'Zure gailurretik gora' lelopean, azaroaren 27tik abenduaren 13ra egingo da jaialdia, musika, literatura, dantza, bertsolaritza, performancea eta gastronomia uztartuz.
  • Ines Osinaga eta Ahizpak, Mursego eta Joseba Sarrionandia, DAB Dantza Konpainia, Olatz Salvador eta Alaia Martin, Mikel Urdangarin eta Ulibarri Artzainak izango dira aurtengo protagonistak.
  • Bosgarren edizioak bi udalerrien eta Loraldiaren arteko lankidetzaren jarraipena berresten du, euskarazko kulturaz herrian bertan gozatzeko aukerak zabalduz eta sortzaileen lana publikoarengana hurbilduz.

Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriaga bosgarren ediziora iritsiko da aurten. Azaroaren 27an eta 28an eta abenduaren 10etik 13ra, sei kultur hitzordu eskainiko ditu, euskal sormen garaikidearen aniztasuna bi udalerrietako agertokietara eramateko. Kubako eta Euskal Herriko doinuen arteko elkarrizketatik abiatuta, hitzen jolasak, emakumeen bizipenak, dantzaren bidezko memoria eta euskal kantagintza bilduko ditu egitarauak, gazta eta txakolin dastaketa batekin amaitzeko.

“Zure gailurretik gora” leloak gidatuko du edizioa. Kirmen Uriberen hitzek eta Mikel Urdangarinen kantuak iradokitzen duten ildotik, kulturak bizipoza pizteko, irudimena zabaltzeko eta munduari beste begirada batetik heltzeko duen gaitasuna aldarrikatuko du jaialdiak.

Arrigorriagako eta Zaratamoko Udalek sustatuta eta Loraldiak antolatuta, ekimenak bost edizioko ibilbidea osatuko du. Jarraikortasun horrek euskarazko sorkuntzari tokiko kultur eskaintzan lekua egiteko konpromisoa adierazten du: sortzaileei beren lanak erakusteko plazak eskaintzea eta herritarrei proposamen artistikoak gertutik ezagutzeko aukera ematea.

Bost edizio, euskal kulturari herrian lekua egiten

Loraldia Plaza egitasmoaren bidez, Loraldiak euskal sormen garaikidea herriz herri zabaltzen du, tokiko eragileekin elkarlanean. Zaratamo-Arrigorriagako bosgarren edizioa lan horren jarraipenaren erakusle da: bi udalerriek partekatutako programazioa, diziplina ezberdinetako sortzaileak eta publikoarekin harremana lantzeko askotariko espazioak.

Aurtengo egitaraua Zaratamoko Kultur Aretoan, Arkotxako elizan, Abusuko Kultur Zentroan, Lonbo Aretoan eta Azokean garatuko da. Kulturaz gozatzeko leku eta modu ezberdinak proposatuko ditu, kontzertuetatik dantzara eta literaturatik dastaketara.

Programazioak, gainera, transmisioa sorkuntzaren bidez lantzeko hainbat bide erakutsiko ditu: Markos Gimenoren hitz-jolasak berrirakurriko dira; emakume langileen memoria gorputzera eta mugimendura ekarriko da; eta euskal musika zein dantza beste erritmo eta adierazpide batzuekin elkartuko dira. Ondarea gaurko publikoarekin harremanetan jartzeko modu biziak dira, Loraldiak euskarazko kulturaren transmisioa eta kultur sektorearen garapena sustatzeko egiten duen lanarekin bat datozenak.

Programazio artistikoaren lerro nagusiak

Ines Osinaga eta Ahizpak - Euskal Herriaren eta Kubaren arteko musika bidaia
Azaroak 27, ostirala · 19:30 · Zaratamoko Kultur Aretoa
Sarrera: 8 €; Lorazainak: 6 €

Ines Osinagak irekiko du bosgarren edizioa, Yaima Orozco, Irina Gonzalez eta Garazi Egiguren lagun dituela. Itsasoa da bide bakarra proiektuaren formatu intimoa da Ines Osinaga eta Ahizpak: euskal eta kubatar sustraiak elkartuko dituen musika eta dantza proposamena.

Trikitixa, perkusioak, gitarrak, ahotsak eta erritmo elektronikoak uztartuko dituzte lau sortzaileek. Irrintzien eta reggaetoiaren, son kubatarraren eta kalejiren arteko joan-etorrian, entzuleak hunkitzeko eta dantzara gonbidatzeko emanaldia eskainiko dute.

Sukramarkus - Mursego eta Joseba Sarrionandia, hitzekin jolasean
Azaroak 28, larunbata · 19:30 · Arkotxako eliza
Sarrera: 8 €; Lorazainak: 6 €

Mursego eta Joseba Sarrionandia elkartuko dira Sukramarkus proposamenean, Markos Gimenoren palindromoen unibertsoa berrinterpretatzeko. Musika, literatura, performancea eta umorea gurutzatuko dira hizkuntzaren aukera sortzaileak arakatzen dituen emanaldian.

Sarrionandiak Markos Gimenoren 101 letrakartel lanean bildutako materiala abiapuntu hartuta, Maite Arroitajauregik, Mursegok, hitzak soinu eta eszena bihurtuko ditu. Gimenoren irudimena publikoarengana ekartzeko proposamen ludiko eta berezia izango da.

Kea eta Tinieblak - Memoria eta euskal dantzak, begirada garaikidetik
Abenduak 10, osteguna · 19:00 · Abusuko Kultur Zentroa
Doan

DAB Dantza Konpainiak bi koreografia aurkeztuko ditu Abusun. Kea lanak Donostiako Tabakalerako emakume langileak eta industriaren itzalean aritutako emakumeak omenduko ditu. Hiru emakumeren gorputzen bidez, lanaren erritmoak eta erresistentzia isila dantza bihurtuko dira.

Tinieblak piezak, berriz, euskal dantzetako erreferentziak hartuko ditu oinarri, besteak beste, ezpata-dantzak, dantza solteak eta soka-dantzak. Erritualaren eta herri kulturaren arteko harremana landuko du, dantza garaikidearen bidez.

1:1 eskala - Olatz Salvador eta Alaia Martin, erruaren neurria aldatzen
Abenduak 11, ostirala · 20:00 · Lonbo Aretoa
Sarrera: 10 €; Lorazainak: 8 €

Olatz Salvadorrek eta Alaia Martinek musika eta bertsolaritza elkartuko dituzte 1:1 eskala ikuskizunean. Emakumeen bizitzetan behin eta berriz agertzen den erruduntasuna izango dute abiapuntu: iritsi ezina, amatasuna, gorputzaren gaineko presioa, familia-aginduak, lotsa eta kulpa.

Hitzaren eta musikaren bidez, sentipen horri neurria hartu, erlatibizatu eta eraldatzeko bidea proposatuko dute. Eguneroko bizipen pertsonaletatik abiatuta, publikoarekin gogoeta partekatzeko emanaldia izango da.

Mikel Urdangarin - Kantuen indarra, laukote formatuan
Abenduak 12, larunbata · 20:00 · Lonbo Aretoa
Sarrera: 10 €; Lorazainak: 8 €

Mikel Urdangarin laukote formatuan iritsiko da Arrigorriagara. Ahotsean eta gitarra akustikoan arituko da, Rafa Rueda gitarra elektrikoan, Ander Hurtado de Saratxo bateria eta perkusioan eta Jon Cañaveras baxuan dituela.

Bere errepertorioan barrena egingo duen kontzertuan azken urteetako sorkuntzak ere izango du lekua. Lau musikarien arteko elkarrizketak kantuen hurbiltasuna eta taldearen indarra uztartuko ditu, jaialdiaren leloarekin lotura zuzena duen kantugilearen eskutik.

Ulibarri Artzainak - Lurraldea dastatzeko hitzordua
Abenduak 13, igandea · 12:30 · Azokea
Sarrera: 8 €; Lorazainak: 6 €

Ulibarri Artzainak proiektuaren gazta eta txakolin dastaketak itxiko du bosgarren edizioa. Asier eta Iker Ulibarriren familia-egitasmoa Gordexola eta Okondo inguruan garatzen da, artzaintza, gaztagintza eta mahastizaintza uztartuz.

Ardi latxa mutur beltzen esnez egindako gazta ekologikoa eta hiru txakolin ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Tokiko ekoizpenaren, lurraren zaintzaren eta gastronomiaren arteko harremana gertutik ezagutzeko topaketa izango da.

Sarrerak eta informazio praktikoa

Jaialdiak doako dantza emanaldia eta 8 eta 10 euroko hitzorduak eskainiko ditu. Lorazain komunitateko kideek prezio bereziak izango dituzte ordainpeko ekitaldi guztietan: 6 eta 8 euro, hurrenez hurren.

Egitarau osoa, ekitaldien xehetasunak eta sarreren informazioa Loraldiaren webgunean daude:

Sustatzaileak eta babesleak

Loraldia Plaza Zaratamo-Arrigorriaga Arrigorriagako eta Zaratamoko Udalek sustatzen dute, eta Loraldiak antolatzen du. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren babesa du, eta NAIZ da laguntzailea.

Udaltzaingoa: 944 02 02 01
Gizarte zerbitzuak: 944 02 02 05
Kirolak: 946 71 10 21
Kultura: 946 71 23 61
Abusu Zentro Soziokulturala: 944 79 29 30