Edukira joan

Euskaraldia

Zer da Euskaraldia?

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko* hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.

Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. Helduen aktibazioa du oinarri, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da. 2018an egin zen lehen aldiz ariketa, Euskaraldia: 11 egun euskaraz; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.

Euskaraldia ondoko helburuekin sortu da:

  • Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko.
  • Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea.
  • Inertziak apurtzea.
  • Gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea.
  • Gizarte aktibazioa, ariketa kolektibo baten bidez.
  • Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea batzordeen bidez.
  • Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea.

Bi urterako zikloa izango du hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea xede duen ekimenak.

Euskaraldia

​​Badator Euskaraldia!

​2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogu ariketari. Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Belarriprestok eta ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez ekiteko garaia heldu da.​​

Euskaraldiari buruzko informazio gehiago esteka honetan.

euskaraldia2022

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den bigarren ariketa sozialak bi ardatz izango ditu:

  • Batetik, lehen edizioan protagonista izan diren ahobizi eta belarriprest rolen bitartez Euskal Herri osoko herritarrei beraien harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzen jarraitzeko deia egingo zaie;
  • bestetik, bigarren edizioko berrikuntza modura, era guztietako entitateei beraien funtzionamenduan euskararen erabilera areagotzeko urrats zehatzak ematea bultzatuko du Euskaraldiak. Erakunde publiko, enpresa, komertzio, elkarte eta gizarte eragileak izango dira bigarren ardatz honetan konpromiso ze​hatzak hartu eta gauzatuko dituzten entitateak.

Arrigorriagako Euskaraldia batzordean parte hartu nahi baduzu, deitu hona: 688 763 074 edo idatzi helbide honetara: arrigorriaga365@gmail.com

2019ko abenduaren 14an Arrigorriagako udaletxean egindako saioan, 2018ko Euskaraldiaren balorazioa eta 2020koa prestatzeko lana abiatu zuten bertaratutako euskaltzaleek.

Ekitaldian, aurreko Euskaraldiko hamaikakoko kideek hitza hartu zuten eta bizitako esperientziak partekatu zituzten. Eta horrez gain, aurrera begira ere jarri ziren. Jon Garai aurkezleak hurrengo edizioaren berri eman zuen. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den bigarren edizioan pauso berriak emango dira eta, norbanakoek ez ezik, entitateek ere neurriak hartuko dituzte euren eremuko langile, bazkide edota kideen hizkuntza praktika berriak bultzatzeko. Beraz, norbanakoen erabaki esparruan aritzetik, taldeetara ere egingo da salto bigarren edizio honetan. Honela, herritarrak Ahobizi eta Belarriprest izaten jarraituko dute eta entitateetan sortuko diren euskaraz eroso aritzeko guneak, Aringune esparruak gehituko zaizkie.

Padura Saskibaloi taldeko Jon Ander Paredesek eta Artizarra musika-eskolako Itxaso Azkonak hitza hartu zuten ekitaldian, euren desioak plazaratuz, udal ordezkariarekin batera.

Saioari amaiera emateko, desioak eta esperientziak eskegi zituzten sarean eta ondoko egunetan udaletxeko sarreran egon ziren ikusgai.

Zer egin dezakegu euskal hiztunok euskararen erabilera areagotzeko?

Galderak hainbat erantzun ditu, baina, guk, hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen dizuegu:

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin dezagun euskaraz. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake.

Nola egingo dugu?

Ondoko bi roletako bat har dezagun 11 egunez:

  • Ahobizi: Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.
  • Belarriprest: Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

Zer lortu nahi dugu?

  • Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea.
  • Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea.
  • Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea.
  • Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.

Non egingo dugu?

Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan…

Horretarako, herriz herri antolatu gara. Nahi duzun lekuan izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartu proposatzen dizugun ariketa honetan.

Nork har dezake parte?

16 urtetik gorako herritarrek eman dezakegu izena.

  • Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da.
  • Belarriprest izateko euskara ulertu behar da.

Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman.
2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu!

Zer da hamaikakoa?

Hamaika laguneko taldea da hamaikakoa, inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez arituko direnak.

Euskaraldia ekimenean AHOBIZI edo BELARRIPREST izatea erabaki dute. Horretarako, gainera, beren inguruko kideei ekimenaren eta beren erabakiaren berri emango diete, eta euskara ulertzen duten hamaika lagun, senide, lankide/ikaskide edo ezagun parte hartzeko aktibatzen saiatuko dira.

Arrigorriagako hamaikakoa bideoa

Pregoia

Arrigorriagako Aritz Berri dantza taldearen 20. urteurrena dela eta, Euskaraldiaren aldeko pregoia egin zuten.

Txupinazoaren bideoa

Arrigorriagan kirola euskaraz - Sazkibaloia bideoa

Arrigorriagan kirola euskaraz - Padela bideoa

Informazio mahaia

Euskaraldiari buruzko informazioa eman eta parte hartzeko izenak jasotzeko mahaia jarri genuen.

Kartela (JPG 64,1KB)

Arrigorriagako sustatzaileak

​Horiexek dira Arrigorriagako Euskaraldia sustatzen lagunduko diguten elkarte eta erakundeak.

 

 
Udaltzaingoa: 944 02 02 01
Gizarte zerbitzuak: 944 02 02 05
Kirolak: 946 71 10 21
Kultura: 946 71 23 61
Abusu Zentro Soziokulturala: 944 79 29 30