Arrigorriagako Udaleko Gizarte Zerbitzuak pertsonen gizarteratzea bideratzeko eta Gizarte Zerbitzuen arloko arazoak konpontzeko beharrezkoak diren baliabideak eta laguntza eskaintzen dituen zerbitzu publikoa da.
Zer da eta nor gara
Oinarrizko Gizarte Zerbitzua Euskal Gizarte Zerbitzuen Sistemarako sarrera-atea da, eta bere eginkizun nagusia udalerriko edozein bizilagunen gizarte-premiak hautematea eta artatzea da.
Beren helburua da autonomia pertsonala sustatzea, integrazioa, prebentzioa, eta mendekotasunetik, babesgabetasun-egoeretatik eta bazterkeriatik eratorritako premia pertsonal eta familiarrei erantzutea.
Nor gara profesionalak?
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan zure erreferentziazko profesionala gizarte-langile bat izango da. Gizarte-langile horrek planteatzen duzun egoeraren balorazioa eta diagnostikoa egingo ditu, eta, horren arabera, zer urrats egin behar diren eta zer zerbitzu eta prestazio artikulatu behar diren zehaztuko du.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan, halaber, hainbat profesional ditugu (psikologoa, pedagogoa, gizarte-hezitzailea, administrari laguntzailea, etxez etxeko laguntzaileak, abokatua...), gizarte-langileek egindako lana osatzen dutenak.
Kontaktua eta kokapena
Arrigorriagako Kultur Etxea
Helbidea:
Urgoiti pasealekua, 55-1, 48480 - Arrigorriaga
Telefonoa:
944 020 205
Posta:
gizartezerbitzuak@arrigorriaga.eus
Astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 13:30era
Abusu Gizarte eta Kultur Zentroa
Helbidea:
Olatxu Kalea, 4, 48003 Santa Isabel, Bizkaia
Telefonoa:
944 792 930
Posta:
gizartezerbitzuak@arrigorriaga.eus
Astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 13:30era
Servicios sociales
Arrigorriagan bizi diren bizilagunak gure zerbitzura hurbil daitezke, udaleko zerbitzuak eta prestazioak, edota autonomia erkidegoko eta foru mailako gizarte-zerbitzu eta prestazio orokorrak eskatzeko.
Arrigorriagako Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik helburu hauetarako eman nahi dugu zerbitzua:
- Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman jasotzen diren udalaren ardurapeko prestazio eta zerbitzu guztiak bermatzeko.
- Gizarte-lanaren harreman izaera bultzatzeko.
- Arreta pertsona bakoitzaren beharretara eta ezaugarrietara egokitzeko.
- Gizarte-beharrei eta -aldaketei prebentziozko ikuspegi eta ikuspegi komunitario batetik erantzuteko.
Arrigorriagako Udaleko Gizarte Zerbitzuok Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean jasotzen diren printzipioei jarraitzen diegu:
- Erantzukizun publikoa.
- Unibertsaltasuna.
- Berdintasuna eta ekitatea.
- Hurbiltasuna.
- Prebentzioa, integrazioa eta normalizazioa.
- Arreta pertsonalizatua eta integrala eta arretari jarraitzea.
- Diziplina anitzeko jarduerak.
- Koordinazioa eta lankidetza.
- Gizarte-ekimenaren sustapena.
- Herritarren partaidetza.
- Kalitatea.
A continuación te presentamos la información básica sobre los principales servicios y prestaciones que ofrecemos. En caso de querer ampliar información sobre alguno, puedes llamar o acercarte al SAC para solicitar una cita.
Zerbitzu hau Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dute, eta honako eginkizun hauek ditu:
a) Pertsonei eta familiei honako alderdi hauei buruzko informazioa ematea:
- Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zerbitzu etab prestazioei buruz: zer premia eta egoerei erantzuten dieten; norentzat diren; haiek lortzeko baldintzak eta prozedurak; hala badagokio, aplikatutako prezio publikoa; eskaintzen duten arretaren intentsitatea; hainbat prestazio eta zerbitzu konbinatzeko aukera; prestazio eta/edo zerbitzu bakoitzaz arduratzen den administrazioa.
- Beren eskubideak eta betebeharrak, premien balioespen bat eta, hala badagokio, gizarte- diagnostiko bat eta Arreta Pertsonalizatuko Plan (APP) bat izateko eskubidea bereziki azpimarratuta.
- Prestazio eta zerbitzu bakoitzak, eta, hala badagokio, haien modalitateek tartean sartutako pertsona guztiei eragiten dizkieten kostuak eta etekinak, ekonomiari dagokionez ez ezik, denborari, osasunari eta lan-gainkargari dagokionez ere.
- Eskaeraren bilakaera.
b) Dagokion pertsonaren eta haren testuinguruaren hasierako balioespena egitea, eta, balioespen horren oinarriaren gainean ondorioztatzen bada beharrezkoa izan litekeela jarraipena egitea eskatzen duen esku-hartze bat, hasierako gizarte-diagnostiko bat egitea; horretarako, pertsona eta familia interesdunen eta haien laguntza-sarearen partaidetza izango da beti, ahal den neurrian.
c) Pertsonari edo pertsonei informazioa ematea Zorroaren prestazio ekonomikoari eta/edo zerbitzuari edota prestazioen eta zerbitzuen konbinazioari buruz, haiek dituzten premiei erantzuteko egokiena zein den jakin dezaten, eta/edo, bidezkoa bada, arreta emateko beste sistema edo politika batzuetako baliabideetara bideratzea.
d) Diagnostikoak horrelakorik gomendatzen badu, kasuan erreferente gisa jardungo duen profesional bat izendatzea. Profesional horrek, pertsona eta/edo familia erabiltzailearen partaidetzarekin, Arreta Pertsonalizatuko Plan bat egingo du eta Plan horren kudeaketa hartuko du bere gain, tartean sartutako beste sistema eta agente batzuekin koordinatuta, Arreta Pertsonalizatuko Planean aurreikusitako jardunak abian jarriz eta Plan horren jarraipena eta aldizkako ebaluazioa eginez. Hori guztia, kasuaren erantzukizuna erreferentziazko beste profesional baten esku uzten ez denean izan ezik, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 19. artikuluan eta Dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera.
e) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak lortzeko aukera antolatzera bideratutako izapidetze-, kudeaketa- eta koordinazio-eginkizunak gauzatzea.
f) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren arreta eta babesa eska dezakeen biztanleriaren gizarte-premiak atzematea eta behar diren jardunei hasiera ematea.
Egiten duen beharren balorazioan oinarrituz, egoeraren Diagnostikoa egingo du gizarte-langileak. Diagnostiko horretan, aurkeztutako beharrak eta zailtasunak, dituzun gaitasunak/indarrak eta dagoen laguntza-sarea jasoko dira.
Diagnostikoak hala gomendatzen badu, gizarte-langilearekin Arreta Plan Pertsonalizatu bat egiten parte hartzeko aukera izango duzu. Plan horretan, zure egoera edo arazoa gainditzeko beharrezkoak diren lortu beharreko helburuak, garatu beharreko ekintzak, baliabide pertsonalak, laguntza- edo zerbitzu baliabideak jasoko dira.
Gizarte-langileen edo beste profesional batzuen laguntza eta laguntza-harremana izan dezakezu, zure egoera egiaztatzeko, erabakiak hartzen laguntzeko eta aldaketak indartzeko, eta zure bizitza-proiektua autonomiaz garatzeko beharrezkoak dituzun oinarrizko gaitasunak lortzen edo garatzen laguntzeko.
Zerbitzu hau gizarte- eta hezkuntza-arloan eta arlo psikosozialean babesteko harreman-prestazio indibidual, familiako edo taldeko batzuetan datza. Prestazio horiek familiaren bizilekuan (etxeko hezkuntza, familiaren gaineko oinarrizko esku-hartzea) zein ingurune komunitarioan (kaleko hezkuntza, gizarte- eta kultura-arloko bitartekaritza) gara daitezke.
Zerbitzu honen helburuak dira erabiltzaileek:
- autonomiaz moldatzea, gizarteratzea eta familia- eta komunitate-inguruneko bizikidetza egokia bultzatuko duten gaitasun pertsonalak, familiakoak edo taldekoak (jarrerak, gaitasunak, jakintzak, irizpideak, jarraibideak, trebetasunak) eskuratzea eta garatzea;
- ohitura, portaera, pertzepzio, sentimendu eta jarrera desegokiak beste egoki batzuekin ordezkatzea.
Gizarte-langileak baloratzen duen baliabidea da. Horren bidez, psikologo baten laguntza izan dezakezu, krisi- eta gatazka-egoeretan, iritziak, sentimenduak, jarrerak eta portaerak aldatzen laguntzeko, zure garapen pertsonalean edota familia- eta talde-bizitzan ere laguntzeko, denboraldi batean.
Horrez gain, 18 urtetik beherakoen eta haien senideen arrisku edo babesik ezeko egoeren diagnostiko eta balorazioa egiten du.
Abokatu batek ematen duen zerbitzua da, eta lege arloko informazioa eta orientazioa ematen die legezko alderdi konplexuak tartean dituzten pertsonei (banantzeak, etxegabetzeak, seme-alaben jagoletza, senideen ezintasunak, erasoak, sexu-abusuak, tratu txarrak...). Zerbitzua erabiltzeko gizarte-langilearen balorazioa behar da aldez aurretik.
Gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL), udal laguntza osagarriak (ULO), Hiri-lurren Balio-gehikuntzaren gaineko Zerga ordaintzeko laguntza, eta Gizarteratzeko Laguntza Berezia (GLB) sartzen dira:
- Gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL) aldizkakoak ez diren diru-laguntzak dira, nahikoa baliabiderik ez duten pertsonek gastu jakin batzuk ordaindu ahal izateko (ostatua, etxebizitzaren eta tresnek mantentzea, lehen mailako beharrak...). Ohikoak edo ezohikoak izan daitezke, gizarte-bazterkeriako egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko.
- Udal laguntza osagarriak (ULO) ezohiko diru-laguntzak dira, nahikoa baliabiderik ez duten pertsonek behar jakin batzuk ordaindu ahal izateko edo horiek osatzeko, beste laguntza-sistema publiko batzuek ezin dizkietelako eman.
- Hiri-lurren Balio-gehikuntzaren gaineko Zerga ordaintzeko laguntza, eroslea banku-erakundea bera edo bere taldeko erakunde bat den hipoteka- eta salerosketa jardueretan; betiere, familia-nukleoaren etxe bakar eta ohikoa bada, baliabiderik gabeko hipoteka-zordunak babesteko premiazko neurriei buruzko martxoaren 9ko 6/12 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluaren aplikazio-esparrutik kanpo badaude.
Laguntza horiek (GLL, ULO eta hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga ordaintzeko laguntza) diru-laguntzen bidez jasotzen dira, beraz, aurrekontuaren araberakoak izango dira.
- Gizarteratzeko laguntza berezia (GLB) hilero ematen den laguntza ekonomikoa da, oinarrizko beharrekin lotutako gastuak eta gizarteratze- edota laneratze-prozesu batek ekarritako gastuak ordaintzeko. Gastu horiek ordaintzeko nahikoa sarrerarik ez duten bizikidetza-unitateko pertsonentzat dira.
Prestazio ekonomikoak emango dira prestazio bakoitzerako jasotzen diren berariazko baldintzak betetzen badira.
Laguntza- eta prebentzio-izaerako zerbitzu bat da, eta mendetasun-egoeran edo mendetasun-arriskuan dagoen erabiltzaileari bere bizilekuan jarraitzen laguntzea, bizilekuan bertan moldatzeko eta ingurune komunitarioan integratzeko aukera emango dion etxeko arretarako eta arreta pertsonalerako laguntza bat eskaintzea eta, era horretan, isolamendu-egoerak saihestea du xede. Arreta pertsonala jasotzen dutenek edo mendetasun-arriskuan daudenek soilik lortu ahal izango dute etxeko arreta.
Honako helburu hauek ditu:
- Bidezkoa bada, pertsonari bizilekuan bizi-kalitate onargarri batekin ahalik eta denbora gehien jarraitzeko aukera ematea, eta ostatu-zerbitzu edo egoitza-zentro batean sartzeko aukera atzeratzea edo saihestea.
- Erabiltzaileen segurtasun-sentimendua indartzea.
- Erabiltzailearen gizarte- eta familia-arloko laguntza-sarea osatzen duten zaintzaileei babesa eskaintzea eta arreta-zereginaz partzialki liberatzen laguntzea, garapen pertsonal, profesional eta sozialerako baldintza egokiak izan ditzaten.
- Erabiltzailea zaindu ohi duen zaintzaile nagusia aldizka ordeztea, hura aldi batean falta denean (atseden hartzeko modalitatean).
- Beste zerbitzu batzuen esku-hartzea behar dezaketen premia-egoerak detektatzea. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bateragarria izango da mendetasuna artatzeko zerbitzu guztiekin, ostatu- zerbitzuetan edo egoitza-zentroetan etengabe ematen den arreta-zerbitzuarekin izan ezik.
Mendetasun-egoeran dauden pertsonen kasuan, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren gehieneko intentsitatea I. Gradurako aurreikusitako gutxieneko intentsitatera egokituko da.
Ekonomikoak ez diren beste prestazio edo zerbitzu batzuekin bateragarri egiten denean, gutxitze bat aplikatuko zaie gehieneko intentsitateei. Gutxitze hori ez da aplikatuko telelaguntza-zerbitzuarekin bateragarri egiten denean.
Prestazio ekonomikoekin bateragarri egiten denean, prestazio ekonomikoa gutxituko da eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren gutxieneko intentsitatea bermatuko da.
Foru Aldundien eskumen-eremuari dagokio Laguntza Pertsonaleko Prestazio Ekonomikoarekin bateragarri dela erabakitzea.
Bitartekari batek emandako zerbitzua da, eta oro har bizilagun guztientzat da, esaterako familia barruan, eskolan edo auzokoen artean gerta daitezkeen gatazkak ebazteko. Hirugarren pertsona batzuk beren arazoari irtenbidea ematen laguntzen die parte-hartzaileei. Zerbitzua erabiltzeko gizarte-langilearen balorazioa behar da aldez aurretik.
Telelaguntza, familia barruan, eguneko zentroan edo egoitzan zaintzeko prestazio ekonomikoa da.
Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari dagokio udalerrian erroldatuta dauden pertsonen mendetasuna baloratzeko eskaerak bideratzea.
Mendeko pertsonatzat hartzen bazaitu, sistemaren zenbait baliabide eta prestazio jasoko dituzu. Hauek dira prestazio eta baliabide nagusiak:
- Telelaguntza zerbitzuari esker, telefonoz eta berariazko komunikazio- eta informatika-ekipamendu baten bidez, etengabeko arreta-zerbitzua (eguneko 24 ordutan eta urteko egun guztietan) izan dezakete erabiltzaileek. Zerbitzua premiazko egoerei edo gizarte-beharretarako egoerei erantzun egokia emateko prestatuta dauden pertsonek ematen dute.
- Familia-ingurunean zainketak egiteko prestazio ekonomikoa, profesionala ez den zaintzaileak emandako arretarengatiko gastuak ordaintzen laguntzeko da, eta ezarritako baldintzak betetzen badira jaso daiteke.
- Eguneko zentroak arreta integrala ematen die egunean zehar mendekoei, haien autonomia maila hobetzeko edo autonomia mailarik onenari eusteko, eta senideei edo zaintzaileei laguntzeko.
- Egoitza zentroak arreta integral eta etengabea ematen die egunez eta gauez autonomia funtzionalik ez duten mendekoei.
Zainduz programa
“Zainduz” programa: prestakuntza-ikastaroen, tailerren, hitzaldien eta laguntza psikologikoaren bidez, zainketa-lanetan sor daitezkeen beharrei erantzuteko tresnak ematen zaizkie mendeko pertsonei eta zaintzaileei, arreta hobea eman deza
Laguntza programa
Laguntza Programa pertsonek arazo fisiko, psikiko edo sozialengatik dituzten gabeziak asetzeko zerbitzua da. Seniderik ez dutenez, edo haiei laguntzeko pertsonarik ez dutenez, etxean zaindu edo lagundu behar dituzte. Gizarte-langileak kudeatzen du. Gurutze Gorriaren bidez ematen da zerbitzua.
Zaintzaileei laguntzeko zerbitzua
Zerbitzu honek mendetasun-arriskuan edo mendetasun-egoeran dauden pertsonei gizarte- eta familia- arloko babesa emateko sarea osatzen duten zaintzaileei aukera ematen die zaintzarako eta norberaren zaintzarako jakintzak, jarrerak eta trebetasunak eskuratzeko. Honako helburu hauek ditu:
- Zaintzaileek eskainitako zainketen kalitatearen hobekuntza bultzatzea.
- Zaintzaile nagusien bizi-kalitatearen hobekuntza bultzatzea.
- Beste zaintzaile batzuen erantzunkidetasuna bultzatzea.
- Zaintzarako eta norberaren zaintzarako jakintzak, jarrerak eta trebetasunak eskuratzeko aukera ematea.
- Laguntza psikologikoko tailerra. Astean behin psikologo batek laguntza eta autolaguntza talde batean sartzeko aukera ematen dio emakume-talde bati, barrenak husten eta eguneroko arazoei, gatazkei eta frustrazioei aurre egiten laguntzeko. Zerbitzu honetara sartzeko aurretik gizarte-langilearen balorazioa behar da.
- Giltzak gordetzeko zerbitzua. Zerbitzu honen bidez, bakarrik, senideen edo zaintzaileen laguntzarik gabe, bizi diren adinekoek etxeko laguntzak utz ditzakete Udaltzaingoan, larrialdi-egoeretarako han gorde ditzaten.
- Jantoki- eta higiene-zerbitzua. Gizarte-bazterkeria egoera larrian dauden eta beren kabuz moldatu ezin duten pertsonen oinarrizko beharrak (jatea, garbitzea...) asetzeko zerbitzua da. Zerbitzu hau Zubietxe Elkartearekin lankidetzan ematen da.
- Bilbo-Trans txartel hobaritua. Garraio-txartel hobaritua da, egoera jakin batean dauden Abusuko bizilagunentzat. Gizarte-langileak baloratu behar du, eta Bilboko Udalarekin egindako hitzarmen baten bidez kudeatzen da.
- Ezintasuna duten pertsonentzako garraio egokituko programa. Ezintasunen bat duten, denboraldi batean ibiltzeko mugatuta dauden, aisialdiko jarduerak egitera doazen, kudeaketak egitera, gizarte- eta osasun-baliabide pribatuak, bisitak eta ibilaldiak, etxe aldaketak eta hezkuntza-zerbitzuak egingo dituzten pertsonak garraiatzeko da. Gizarte-langileak kudeatzen du, eta Gurutze Gorriaren bidez egiten da.
- Elikagaien Bankua. Europar Batasun Ekonomikoaren soberakinen elikagaiak eta enpresen gainerako dohaintzak gizartetik baztertzeko arrisku-egoeran dauden familiei edo pertsonei ematea da helburua. Gizarte-langileak kudeatzen du, eta zerbitzua Cáritaseko boluntarioek egiten dute.
- Sendagaien erabilera hobetzeko programa da, Etxe etxeko Laguntza Zerbitzuan artatutako pertsonentzat. Gizarte-langileak kudeatzen du, eta Bizkaiko Farmazialarien Elkargoarekin sinatutako hitzarmen baten bidez egiten da.
- Umezain programa, adingabeak edo nagusiak dituzten guraso bakarreko familientzat. Guraso bakarreko adingabeak eta nagusiak zaintzen laguntzea da helburua, bakarrik zaindu behar dituztenez, zailtasun handiak dituztelako beren familia- eta lan-bizitza bateratzeko. Gizarte-langileak kudeatzen du, eta “Clara Campoamor” Elkartearekin sinatutako hitzarmenaren barruan dagoen Programa hori.
- Zailtasun bereziko egoeran dauden gizon eta emakumeekin egindako talde-proiektua. Helduentzako oinarrizko prestakuntzako ikastaroa da, familian, gizartean eta etxean ezagutza, jarrera eta jarduera erabilgarri eta eraginkorrak erabil ditzaten, gizartean eta familian txertatze-maila handiagoa lor dezaten. Gizarte-langileak kudeatzen du, eta hezitzaileek egiten dute normalean egiten dituzten jardueren barruan.
Keak detektatzeko programa. Bakarrik bizi diren 85 urtetik gorakoen, eta Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua edo Telelaguntza Zerbitzua erabiltzen duten pertsonen etxean gailu bat jartzen dute.
Ostatu-zerbitzuak / Harrera-etxea
Zerbitzu honek ostatu ematen die gizarte-larrialdiko edo gizarte-premiazko egoera baten ondorioz ostaturik ez izateari aurre egin ahal izateko edo etxeko indarkeriaren egoeratik biziberritu eta egoera hori gainditu ahal izateko iraupen laburreko egonaldia behar duten pertsonei eta bizikidetza-unitateei, betiere pertsona horiek babes-neurririk behar ez badute.
Aldi baterakoa da. Egonaldia gehienez ere 4 hilabetez luzatu ahal izango da, eta salbuespen gisa iraupen bereko aldi batez luzatu ahal izango da.
Laguntza-intentsitate txikiko zerbitzua da, harrera-etxean etengabe egon behar duen langilerik eta harrera- etxeari berariaz esleitutako langilerik eskaintzen ez duena, eta, hala badagokio, kanpo-laguntza egokiak antolatzen dituena, baita Udalaren Gizarte Zerbitzuen laguntza ere, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistematik beharrezkoak diren zerbitzuak eta/edo prestazioak lortzeko. Hartutako pertsonak etxeko indarkeriaren biktimak diren emakumeak badira, Udalaren Gizarte Zerbitzuak etxeko indarkeriaren biktimak artatzeko zerbitzu eta programa guztiekin koordinatuta jardungo du. Harrera-etxeak etxebizitza-eraikin arrunt batean kokatzen dira normalean.
Legezko aholkularitza
Mendekotasunak Prebenitzeko Zerbitzua
Mendekotasunak Prebenitzeko zerbitzua Arrigorriagako Udalaren Gizarte Zerbitzuen Sailari atxikitako zerbitzua da.
Mendekotasunak Prebenitzeko Zerbitzuaren xedea da edozein pertsonak edo gizarte-taldek mendekotasunen fenomenoarekin zerikusia duen guztiari buruzko informazioa ematen, orientatzen edo aholkatzen dien profesional bat izatea udalerriko leku batean, beste erakunde eta elkarte batzuekin lankidetzan egiten diren jardueren bidez, udalerrian arrisku-egoerak arin daitezen eta Mendekotasunen Toki Planean ezarritako helburuak bete daitezen.
Gizarte Zerbitzuak – Mendekotasunen Prebentzioa
Helbidea:
Urgoiti pasealekua, 55 – 1, 48480 – Arrigorriaga
Tel.:
944 020 214
Abusu Gizarte Etxea
Abusuko Kultur Etxea.
Olatxu Kalea, 4, 48003 Santa Isabel, Bizkaia
Telefonoa:
944 792 930
Astelehenetik ostegunera, 08:00etatik 13:30era.
Erkidegoko programak
Kontsulta zerbitzua
Bulego teknikoaren bidez, hitzordua eskatuz, mendekotasunei buruzko informazioa eta orientazioa jaso daiteke.
“Larunbattack”, aisialdi osasungarria lantzeko hezkuntza
Gazteria sailarekin lankidetzan egiten den programa da eta udalerriko gazteentzat da, aisialdi osasungarria sustatzeko. Horretarako, jarduera ludiko osasungarriak eskaintzen dira.
Tabakoa erretzeko ohiturari uzteko programa
Minbiziaren kontrako Espainiako Elkartearekin lankidetzan, tabakoa erretzeko ohiturari uzteko ikastaroak eskaintzen zaizkie herriko bizilagun guztiei.
Sentsibilizazio eta dinamizazio programa
Eusko Jaurlaritzak edota egunkariko artikuluetan proposatutako kanpainen bidez, mendekotasunen aurrean kontzientziatzeko lan egiten da komunitatearekin.
Eskola-esparrua:
Osasunerako eta mendekotasunak prebenitzeko hezkuntza ikasleekin.
Prebentzio-jardueraren helburu nagusia beren autonomia eta erantzukizuna hobetzeko, eta arriskuak eta plazerak kudeatzeko gai izateko, pertsonentzat lagungarriak izan daitezkeen ezagutzak, jarrerak, balioak eta gizarte-eskumenak garatzen laguntzeko jarduerak bultzatzea da.
Zenbait proposamen egiten dira hezkuntza-lan antolatu baten barruan, eta etapa bakoitzaren berezitasunen arabera egokituz joango dira.
Familia-esparrrua:
Hezkuntza Hobekuntzarako Eskola. Gurasoei bilakaeraren psikologiari buruzko oinarrizko ezagutzak bereganatzeko aukera ematen dieten tailerrak dira. Horren ondorioz, beren seme-alaben bilakaera ulertzeko eta sor daitezkeen zailtasunei aurrea hartzeko gai ikusten dute beren burua.
Tailer horiek ez dira edonorentzat, hau da, adin jakin bateko seme-alabak dituzten gurasoentzat bakarrik dira. Gai jakin batzuk lantzen dira; seme-alabak dauden bilakaeraren unerako esanguratsuak direnak, hain zuzen. Tailerrak urtean zehar ematen dira.
Etorkintza Fundazioa
Helbidea:
Jon Arrospide kalea, 24
48014 Bilbo
Telefonoa:
944 44 42 49
Posta:
fundacion@etorkintza.or
Gizakia Fundazioa
Helbidea:
Madariaga Etorbidea 63
48014 Bilbo
Telefonoa:
944 47 10 33
Webgunea:
www.gizakia.org
Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartea
Helbidea:
Ercilla kalea, 18 solairuartea ezk.
Telefonoa:
944 24 13 00
Emaila:
bizkaia@aecc.es
Deustuko Institutua Drogamenpekotasunak
Helbidea:
Unibertsitateen etorbidea, 24
48007 Bilbo
Telefonoa:
944 13 90 83
Gizarte-zerbitzuen eremuko parte-hartzea eta gizarteratzea sustatzeko zerbitzua
Zerbitzu honek komunitatearen parte-hartze antolatua sustatzen du, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren berezko helburuak lortzeko eta gizarte-zerbitzuen bidez erantzuteko moduko premiei aurrea hartzeko eta erantzuteko. Bereziki, honako hauen parte-hartzea sustatuko da:
- beste gizarte-zerbitzu batzuen erabiltzaileak izanik edo izan gabe taldeen, sareen edo elkarrekiko laguntzako beste ekimen batzuen bidez premia horiei aurrea hartzen eta erantzuten parte hartu nahi duten pertsonena;
- herritarrena, oro har, helburu horietara bideratutako boluntariotza-jardueren bidez (gizarte-bolun-tariotza);
- toki-eremuan diharduten Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreko erakundeenak;
- zerbitzuen eta zentroen erabiltzaileena eta, hala badagokio, ahaideena.
Honako jarduera hauek garatzen ditu: a) parte hartu nahi duten pertsonei informazioa eta orientabidea ematekoak; b) sentsibilizatzekoak, herritar guztientzat bideratuta daudenak; c) prestakuntzakoak, hala badagokio.
Zerbitzua ematen edo sustatzen deneko udalerria hartzen dute jarduerek jarduteko eremu geografikotzat edo udalerri hori hartzen dute eremu geografikotzat.
Gizarte Zerbitzuak udalerriko elkarteekin aritzen gara lankidetzan, lokalak lagaz, diru-laguntzak emanez eta gizarte-zerbitzuen esparruan jarduten duten erakundeekin hitzarmenak sinatuz.
Arrigorriagako Udalean, Eusko Jaurlaritzan edo dagozkien erregistroan erregistratuta dauden irabazi-asmorik gabeko erakunde edo elkarteek jaso ditzakete diru-laguntzak, jarduerak Arrigorriagako udalerrirako edo udalerriko bizilagunentzat badira. Udaleko Gizarte Zerbitzuekin koordinatuta lan egiten dute.
Elkarteek diru-laguntza modalitate edo lerro hauek jaso ditzakete:
- 6.3. diru-laguntza lerroa. Gizarte-ekintzako jarduerak garatzen dituzten erakundeak mantentzea.
- 6.4. diru-laguntza lerroa. Beren osasunarengatik kontrako egoera batean dauden adingabeak hartzeko denboraldi baterako egonaldiak antolatzen dituzten erakundeentzako laguntzak.
- 7.1. diru-laguntza lerroa. “Euskal Fondoaren” bidez bideratutako garapenerako lankidetzarako laguntzak.
Proiektuaren azken helburua Arrigorriaga adin guztientzako udalerri bihurtzea da, zahartze aktibo eta osasungarrirako baldintza optimoak sortuz eta lagunduz, eta adineko pertsonak proiektua egiten inplikatzeko mekanismoak ezarriz, teknikari profesionalekin, tokiko eta udaleko ordezkari politikoekin eta komunitateko beste eragile batzuekin batera, proiektuaren TALDE ERAGILEA indartuz, Ekintza Plana garatzeko parte-hartze dinamikak sortzeko.