Gertrudis Gannon, Abusuko artista: «Maite dut artea guregandik gertu gertatzea; ez dugu beti hirietara joan behar»
Euskaldun Berria erakusketa gelan, azaroaren 3tik 15era, Gertrudis Gannon abusutarraren IRUÑA Pulsión e impermanencia erakusketa egongo da ikusgai. Artistarekin hitz egin dugu hobeto ezagutzeko.
— Ezagutzen ez zaituenentzat, zelan aurkeztu ahal dugu Gertrudis Gannon?
Artista bisuala naiz, baina, agian, oso pertsona urduria naiz, jakin-min handikoa, eta gauza berriak aztertzeko etengabeko beharra dut. Pintura da nire adierazpide nagusia, baina ez dut inoiz sentitu gauzak egiteko modu bakar batera mugatu behar nuenik. Probatu, materialak nahastu, aukerak aurkitu eta ideia bat noraino eroan dezakedan ikustea gustatzen zait. Askotan, mugitzen nauen, galderak sortzen dizkidan edo buruan bueltaka geratzen zaidan zerbaitetik abiatzen naiz. Hari horri tira egin behar diot, ikertu, bueltak eman... adierazteko modu bat aurkitu arte. Eta uste dut jakin-min hori, bilatzen jarraitu behar hori, oso presente dagoela egiten dudan guztian.
— Zelan sortu zen erakusketa hau?
Erakusketa honen jatorria nahiko zehatza da. Egun batzuk ematen ari nintzen Iruñean eta egoera eta emozio pilo bat, irakurtzen ari nintzen liburuak, egun haietan munduan gertatzen ari ziren gauzak, hiriaren inpresioak, sentsazioak... gehituta. Hori dena nirekin geratu zen eta nahasten hasi zen, harik eta lorik egin ezinik nenbilen gau batean forma ematen hasi eta kanpora atera behar nuela sentitu nuen arte. Eta ohean idazten hasi nintzen, eta zirriborroak egiten, nire ideiekin.
Egun haietan “Carmina Burana” antzezlanera joan nintzen eta txundituta utzi ninduen bizitzaz zuen ikuspegi biziak, zoriaren gutiziek eta dena une batetik bestera aldatzeko erraztasunak. Erdi Aroko olerkiaren letrak irakurtzen aritu nintzen, oso gaur egungoak. Gainera, tokiko egunkariak jasotzen nituen. Orduan gertatzen ari zenaren erregistro moduko bat gorde nahi nuen, albisteak ere gure esperientziaren parte baitira. Nahasketa hartatik sortu zen sail hau. Denborarekin, obrek beren bidea hartu zuten eta azkenean erakusketa bihurtu ziren.
— Zer teknika erabiltzen dituzu zure talentua garatzeko?
Batez ere akrilikoekin eta teknika mistoekin egiten dut lan. Asko gustatzen zait pinturak ematen didan askatasuna, baina baita beste gauza batzuk sartzeko aukera ere: argazkiak, ebakinak, testuak, paper tolestuak edo mihisetik irteten diren elementuak.
Bereziki gozatzen dut lehenago probatu ez dudan materiala lantzeko modu bat aurkitzen dudanean (pixka bat sufritzen dut baita ere, esan beharra daukat), edo hasieran funtzionatzen ez zuen zerbaitek aukera berri bat irekitzen duenean. Ez naiz beti konponbidera heltzen hasieran imajinatu nuen bidetik.
Saiakuntzak eta hutsegiteak ere prozesuaren parte izatea interesgarria iruditzen zait. Nahiko argi izan dezaket zer esploratu nahi dudan, baina gero probatu egin behar dut, ukitu, aldatu, estali edo, behar izanez gero, desmuntatu. Batzuetan, prozesu horretan, hasierako ideia baino askoz interesgarriagoa den zerbait sortzen da.
— Beste diziplina artistiko batzuk erabiltzen dituzu?
Bai. Arkitektura-ikasketek ere eragin handia dute nire lan egiteko moduan. Espazioa ulertzen eta antolatzen, elementuen arteko harremanak lantzen eta materialen portaera ezagutzen irakatsi didate. Uste dut horregatik interesatzen zaidala hainbeste nire lanak gainazal huts batera mugatu beharrean, bolumena, sakonera eta bestelako presentzia fisikoa izatea.
Baina arte-diziplinekin dudan harremana nire prestakuntza baino askoz lehenagotik dator. Betidanik erakarri naute izugarri diziplina artistiko guztiek, eta haiekin esperimentatzeko, ikasteko eta gauza berriak aurkitzeko behar ia fisikoa sentitu izan dut. Musika, literatura, arte grafikoak, arte eszenikoak... interesatzen zaizkit. Ez dira zaletasun hutsak, nire bizitzaren funtsezko parte dira. Oraindik horietako askotan sakontzeko aukerarik izan ez badut ere, batean eta bestean probatzen ibiltzen naiz. Gustatzen zait arte-diziplina horiek gertu izatea.
— Abusun bizi zara, zer suposatzen du zuretzat Arrrigorriagan erakusteak?
Ilusio handia egiten dit, batez ere gertutasunagatik. Hainbat urte eman nituen Arrigorriagan, euskaltegian ikasten ari nintzela, eta oso jende jatorra ezagutu nuen garai hartan. Horregatik, berezia da niretzat erakusketa hau bertan egitea. Gainera, gustatzen zait artea bizi garen lekutik gertu izateko aukera, proposamen artistikoez gozatzeko beti hiri handietara joan beharrik gabe. Garrantzitsua iruditzen zait artearekin topo egiteko guneak egotea, eta pozten nau oraingoan topagune hori hemen izateak.
— Esaten duzu zure lanek ez dutela erantzunik eskaini nahi, ezta interpretazio bakarra inposatu ere, ispilu aldakor gisa funtzionatzea baizik. Zer gustatuko litzaizuke sentitzea edo aurkitzea erakusketara hurbiltzen den pertsona batek?
Gustatuko litzaidake bakoitzak bere barruan zerbait piztuko dion zerbait aurkitzea, nahiz eta nik obra sortzean buruan nuenaren oso bestelakoa izan. Batzuetan, irudi, forma edo xehetasun batek oroitzapen bat ekartzen digu gogora, deseroso sentiarazten gaitu edo ahaztuta geneukan zerbaitetan pentsarazten digu. Hunkigarria iruditzen zait artelan batek halako zerbait eragin ahal izatea, zergatik gertatzen den ondo azaltzen jakin gabe ere. Bakoitza bere bizipenekin iristen da, eta horrek eragin handia du artelanak ikusteko moduan.
— Zelan animatuko zenuke jendea zure obrak ikustera?
Beldurrik gabe hurbiltzeko esango nieke, arteaz jakin behar dutela edo ikusten dutena nahitaez ulertu behar dutela pentsatu gabe. Arreta erakartzen dienari jarraitzeko, horretan senak ez baitu inoiz huts egiten.
Eta, jakina, poz-pozik hartuko ditut bertaratzen direnak. Azken batean, erakusketa batek beste bizitza bat hartzen du sortzailearen esku egoteari utzi eta beste pertsona batzuen bizipenen parte bihurtzen denean. Niretzat ere esperientzia eraldatzailea izango da.