Arrigorriagako Udalak 2026-2030 Adikzioak Prebenitzeko Tokiko Plana garatu du, diagnostiko parte-hartzailean oinarrituta
-
Astelehenean, azaroaren 30ean, hitzaldi bat egingo da Azokean (Edurne Garitazelaia Kultur Etxea), familiei eta herritarrei nerabeen garuna ulertzen eta arriskuetatik babesten laguntzeko gakoak emateko.
Arrigorriagako Udalak 2026-2030 Adikzioak Prebenitzeko Tokiko Plana landu du, udalerrian egindako diagnostikoaren emaitzetatik abiatuta. Azterketa hori egiteko, ikasleei (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 153 ikasle eta DBH zein Batxilergoko 674 ikasle) eta herritarrei (123 pertsona) inkestak egin zitzaizkien, baita hainbat arlotako eragileekin eztabaida-taldeak antolatu ere.
Diagnostikoaren gako nagusiak
Emaitzek erakusten dute alkoholaren kontsumoak beheranzko joera izan duela aurreko planarekin alderatuta (2019-2023): alkohola probatu duten DBH eta Batxilergoko ikasleen ehunekoa % 56,2tik % 35,8ra jaitsi da, eta azken hilabeteko kontsumoa % 31,1tik % 20,5era. Era berean, hasierako adina beranduago izaten da Arrigorriagan ESTUDES azterketako erreferentziekin alderatuta.
Hala ere, diagnostikoak erronka berriak eta kezkagarriak jarri ditu agerian:
-
Edari energetikoak eta baperrak: ikasleen artean kontsumo-joera esanguratsuak agertu dira adin goiztiarretan, arrisku-pertzepzio txikiarekin edo normalizazioarekin lotuta.
-
Teknologiak eta pantailak: mugikorraren, txaten, sare sozialen eta bideo-jokoen erabilera oso hedatuta dago, eta Interneten erabilera konpultsiborako arriskua edo erabilera arriskutsua antzeman da ikasleen zati batean.
-
Psikofarmakoak eta beste substantzia batzuk: herritarren pertzepzioan zein ikasleen datuetan, psikofarmakoen presentzia eta erabilera-joerak arreta berezia eskatzen duten alderdietako bat dira.
-
Familia eta komunitatea: ikastetxeen, familien, osasun-arloaren eta udal-baliabideen arteko koordinazioa eta prebentzio-mezuen zabalkundea indartzeko beharra nabarmendu da.
Zertan datza 2026-2030 Tokiko Planak?
Udalak datozen lau urteetarako bide-orri gisa diseinatu du plana, substantziadun adikzioen zein portaerazko adikzioen prebentzioa lantzeko, babes-faktoreak indartuz eta arrisku-faktoreak murriztuz. Guztira, 5 ildo estrategiko, 16 helburu espezifiko, 22 ekintza eta 12 eragile inplikatu biltzen ditu:
-
Osasuna sustatzea eta adikzioak prebenitzea: arrisku-pertzepzioa handitzea, kontsumoen normalizazioa murriztea eta bizimodu osasungarriak bultzatzea.
-
Familia-prebentzioa eta guraso-gaitasunen garapena: familien inplikazioa sustatzea, mugei eta komunikazioari buruzko prestakuntza eskaintzea eta guraso-eskolak lantzea.
-
Ongizate emozionala eta prebentzioa hezkuntza-esparruan: hezkuntza emozionala, bizi-trebetasunak, goiz detektatzeko protokoloak eta substantziei buruzko tailerrak sustatzea.
-
Portaerazko adikzioen prebentzioa eta aisialdi osasungarria: pantailen eta teknologien erabilera arduratsua lantzea, apustuen arriskuez sentsibilizatzea eta alternatiba osasungarriak eskaintzea.
-
Komunitate-koordinazioa eta sareko lana: eragileen arteko lankidetza, Prebentzioko Tokiko Mahaia eta profesionalen etengabeko prestakuntza indartzea.
Azaroaren 30eko hitzaldia: Umeak eta nerabeak eraikitzen
Planarekin lotuta eta prebentzio-lanari jarraipena emanez, azaroaren 30ean, astelehenean, 18:00etatik 19:30era, hitzaldi irekia egingo da Azokean (Edurne Garitazelaia Kultur Etxea).
Hitzaldia Vicente Fernández adikzioetan aditua den medikuak eskainiko du, "Umeak eta nerabeak eraikitzen. Nerabeek zelan pentsatzen eta sentitzen duten ulertzeko eta arriskuetatik babesten laguntzeko gakoak" izenburupean. Saioak nerabeen garuna nola garatzen den ulertzeko eta egunerokoan arriskuetatik babesteko tresnak eskaini nahi dizkie guraso, hezitzaile eta herritarrei.
