Elkarrizketa - Arrigorriagako Gizarte Zerbitzuak: Herritar guztientzako laguntza-sarea.
Arrigorriagako Gizarte Zerbitzuek laguntza eta orientazioa eskaintzen diete zailtasunak dituzten herritarrei, bakoitzaren beharretara egokituta. Besteak beste, zaintzarekin, arazo ekonomikoekin, umeen eta nerabeen ongizatearekin eta indarkeria matxistarekin lotutako egoeretan laguntzen dute. Gizarte Zerbitzuetako arduradunekin egin dugu berba, eskaintzen dituzten zerbitzuak eta etorkizuneko erronkak hobeto ezagutzeko.
— Gizarte Zerbitzuek arlo asko hartzen dituzte. Zein da euren eginkizun nagusia Arrigorriagan, eta zelan daude antolatuta?
Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete zailtasunak dituzten herritarrek, baita euren ongizatea eta autonomia zaintzeko laguntza behar dutenek ere. Hainbat arlotan egiten dugu lan: adinekoekin, familiekin, umeekin eta nerabeekin, mendekotasuna dutenekin, zaintzaileekin, arazo ekonomikoak dituztenekin, gizarte-bazterketako egoeran daudenekin, indarkeria matxista jasaten duten emakumeekin eta etorkinen harrera- eta gizarteratze-prozesuetan, besteak beste.
Hainbat zerbitzu eta programa ditugu herritarren askotariko beharrei erantzuteko. Arreta hurbila eskaintzen dugu, bakoitzaren egoerara egokituta. Horrez gain, elkarlanean aritzen gara Udaleko beste arlo batzuekin, osasun- eta hezkuntza-zerbitzuekin eta herriko gizarte-erakundeekin, herritarrei ahalik eta arreta osoena emateko.
— Adinekoak dira laguntza gehien eskatzen dutenak. Zer behar dute gehien, eta zelan laguntzen die Udalak?
Adineko askok euren etxean eta betiko inguruan bizitzen jarraitu nahi dute, ahal duten bitartean euren kabuz moldatuz. Baina, horretarako, batzuetan laguntza behar izaten dute. Beste batzuek bakardadea sentitzen dute, eguneroko lanak edo izapideak egiteko zailtasunak dituzte, edo ez dakite zer laguntza eska dezaketen. Behar horiei erantzuteko, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua eta telelaguntza ditugu, besteak beste. Horrez gain, Zaindu Arrigorriaga egitasmoaren barruan hainbat programa eskaintzen ditugu: Zainduz, Zu Nagusi, Herri Lagunkoia eta GEUna.
Programa horien bidez, adinekoei eta euren familiei laguntzen diegu. Gure asmoa da adinekoek bizimodu aktiboa izatea, herriko ekintzetan parte hartzea eta beste batzuekin harremanak izatea. Zaintzaileei ere laguntza eskaintzen diegu. Gainera, Aldundiarekin eta beste gizarte-zerbitzu batzuekin elkarlanean aritzen gara, adinekoek behar duten laguntza guztia jaso dezaten.
— Mendekotasuna dutenek zaintza behar dute, baina zaintzen dituztenek ere laguntza behar izaten dute, ezta?
Bai, jakina. Mendekotasuna duten askoren zaintzaz senideak arduratzen dira, eta lan handia egiten dute egunero. Zaintzea, gainera, nekagarria izan daiteke, bai gorputzez, bai emozionalki. Horregatik, zaintzaileei ere lagundu nahi diegu. Informazioa, aholkuak eta prestakuntza eskaintzen dizkiegu, baita atseden hartzeko aukerak eta beste zaintzaile batzuekin elkartzeko guneak ere. Izan ere, zaintzaileak ondo egotea garrantzitsua da, bai eurentzat, bai familia osoarentzat.
— Arazo ekonomikoak dituzten herritarrei ere laguntzen diezue. Zelan kudeatzen dira Gizarte Larrialdietarako Laguntzak?
Gizarte Larrialdietarako Laguntzen helburua da herritarrek edo familiek euren baliabideekin ordaindu ezin dituzten oinarrizko gastu jakin batzuei aurre egitea, bizi-baldintza duinak izan ditzaten. Gizarte Zerbitzuetan, kasu bakoitza banan-banan aztertzen dugu, eta laguntza eskatzen dutenei izapideak egiten laguntzen diegu. Dirulaguntza emateaz gain, bestelako beharrak ere antzematen saiatzen gara, epe ertain eta luzerako konponbide egonkorrak bilatzeko.
— Familiekin, umeekin eta nerabeekin ere lan handia egiten duzue. Horretarako, Prebentzio, Hezkuntza eta Bitartekaritza Taldea duzue. Zer egiten du talde horrek?
Talde honek umeei, nerabeei eta euren familiei laguntzen die, etxean, eskolan edo eguneroko bizitzan arazoak dituztenean. Gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden helduei ere laguntzen die, euren egoera hobetzeko eta gizartean parte hartzeko. Taldeko langileek gertutik egiten dute lan familiekin, etxean, ikastetxean edo herriko beste gune batzuetan. Arazoak ahalik eta arinen antzematea eta konpontzen laguntzea da euren helburua.
Besteak beste, familian hobeto moldatzen, seme-alabak hezten, besteekin harreman onak izaten eta herriko ekintzetan parte hartzen laguntzen dute. Horrez gain, tailerrak eta bestelako jarduerak antolatzen dituzte, ikastetxeekin, osasun-zentroarekin eta herriko beste eragile batzuekin elkarlanean.
— Zoritxarrez, indarkeria matxistaren aurkako lanean ere jarduten duzue. Zer laguntza eskaintzen die Udalak indarkeria jasaten duten emakumeei? Nora jo dezakete laguntza eskatzeko?
Indarkeria matxista emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren ondorio larrienetako bat da, eta edozein emakumek jasan dezake, adina edo egoera edozein dela ere. Gizarte Zerbitzuetan, emakumeek lasai eta konfiantza osoz hitz egiteko leku segurua eskaintzen diegu. Bertan, euren kezkak eta bizipenak kontatu ditzakete, inork epaituko dituen beldurrik gabe. Arretaz entzuten diegu, aholkuak ematen dizkiegu eta zer laguntza eta baliabide dituzten eskura azaltzen diegu, aukera bakoitza aztertu ahal izan dezaten. Gainera, kontatzen digutena isilpean gordetzen dugu. Beti errespetatzen ditugu euren erabakiak, eta bakoitzari behar duen denbora ematen diogu, presiorik egin gabe.
Gure lanaren alderdi garrantzitsuenetako bat da emakumeei ulertaraztea ez direla jasaten duten indarkeriaren erantzule. Asko errudun sentitzen dira, askok beldurra edo zalantzak izaten dituzte. Horregatik, ezinbestekoa da emakumeei gertutik laguntzea, euren buruarengan konfiantza berreskuratu dezaten eta berriro autonomiaz eta ongizatez bizi daitezen.
Gainera, beste zerbitzu eta erakunde espezializatu batzuekin elkarlanean aritzen gara, emakumeek behar duten arreta osoa jaso dezaten: gizarte-arreta, laguntza psikologikoa, osasun-arreta, aholkularitza juridikoa eta babes-neurriak, besteak beste. Gure helburua da emakume bakar batek ere egoera horri bakarrik aurre egin behar ez izatea.
Indarkeria jasaten ari den edo halakorik jasaten ari dela susmatzen duen edozein emakumek udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo dezake. Kasu bakoitza banan-banan eta konfidentzialtasunez aztertuko dugu, une bakoitzean behar duen laguntza eskaintzeko.
— Gizarte Zerbitzuek badituzte herritar askok ezagutzen ez dituzten beste baliabide batzuk ere, hala nola, Laguntza Teknikoen Bankua, harrera-etxebizitzak, bitartekaritza-zerbitzua eta ke-detektagailuen programa. Zertarako balio dute, eta zer egin behar dute herritarrek horiek erabiltzeko?
Gizarte Zerbitzuek hainbat baliabide eta programa dituzte, herritar askok ezagutzen ez dituzten arren, une jakin batzuetan oso lagungarriak izan daitezkeenak. Esaterako, Laguntza Teknikoen Bankuak gurpil-aulkiak, taka-takak eta antzeko laguntza-produktuak uzten ditu aldi baterako. Bitartekaritza-zerbitzuek gatazkak konpontzen laguntzen dute, eta prebentzio-programen bidez, ke-detektagailuak jartzen dira arrisku bereziko egoeran daudenen etxeetan.
Herritar bakoitzak bere beharrak ditu. Horregatik, zalantzaren bat edo laguntza behar duten herritarrei Gizarte Zerbitzuetara jotzeko esaten diegu. Bertan, bakoitzaren egoera aztertzen dugu, zer behar duen jakiteko eta laguntza edo zerbitzu egokienak eskaintzeko. Izan ere, askotan, herritarrek ezagutzen ez dituzten baliabideak daude, eta horiek hobeto bizitzen lagundu ahal diete.
— Bakardadeari aurre egitea eta zahartze aktiboa sustatzea ere Gizarte Zerbitzuen helburuak dira. Zergatik da garrantzitsua Lagunkoia eta GEUna bezalako egitasmoei eustea?
Oso garrantzitsua da. Gero eta argiago ikusten dugu zer-nolako garrantzia duten gizarte-harremanek, herriko bizitzan parte hartzeak eta adinekoek komunitatean zeregin aktiboa izateak.
Lagunkoia eta GEUna bezalako egitasmoek Arrigorriaga herri inklusiboagoa eta adinekoentzat atseginagoa izaten laguntzen dute. Horiei esker, adinekoek herriko bizitzan parte hartzen, euren esperientzia partekatzen eta harreman sozialak izaten jarrai dezakete. Gainera, egitasmo horiek herritar guztientzat dira onuragarriak.
— Zein dira gaur egun Gizarte Zerbitzuen erronka nagusiak? Zer indartu nahiko zenukete datozen urteetan?
Gure erronka nagusietako bat da gizartean gertatzen diren aldaketetara egokitzea, herritarren
beharrak ere aldatzen doaz eta. Azken urteotan, gero eta egoera korapilatsuagoak aurkitzen ditugu. Sarritan, gainera, hainbat arazo pilatzen dira: diru-arazoak, etxetik kaleratzeko arriskua edo etxea galtzea, bakardadea, ezinegon emozionala, zaintza-beharrak eta etorkinei harrera egiteko eta herrian integratzen laguntzeko zailtasunak.
Horregatik, eguneroko arazoei erantzuteaz gain, arazoei aurrea hartzea eta herriko eragileen arteko elkarlana indartu nahi ditugu. Herritarren beharrak ahalik eta arinen antzematea da asmoa, eta horretarako, Udaleko beste arlo batzuekin, herriko elkarteekin eta herritarrekin batera lan egin nahi dugu. Azken batean, gura duguna da herritarrek laguntza eta babesa gertu izatea behar dutenean, eta Arrigorriagak herri elkartua, denontzako irekia eta herritarren ongizateaz arduratzen dena izaten jarraitzea.