Gobernu taldeak proposamena egin du Arrigorriagako Udalak eguneko udal-zentroaren zerbitzua berreskura dezan
Gobernu taldeak hilabeteak eman ditu ordenantza batean lanean. Horrek hitzarmen bat bideratuko du Bizkaiko Foru Aldundiarekin, herritarrei zerbitzua esakintzeko
2009an udal eguneko zentroa ixtea erabaki zenetik, udalerriko adinekoentzako zerbitzu hau Arandia egoitzak eskaini du. Hala ere, 2015eko Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko Dekretua indarrean sartu zenetik, II. eta III. mendetasun-maila duten adinekoei bakarrik eskaini zaie.
Egoera horren aurrean, gobernu-taldeak, zerbitzu publikoak indartzeari eta kolektibo zaurgarrienak laguntzeari buruz hartutako konpromisoei jarraiki, anbizio handiko Ordenantza aurkeztuko du otsaileko udalbatzarrean. Ordenantza horrek, Gizarte Zerbitzuen Karterak I. mendetasun-maila duten 65 urtetik gorakoei zerbitzua eskaintzeko ezarritako eskakizuna betetzeaz gain, udal-mailako Gizarte Zerbitzuei aukera emango die baldintza hori bete ez arren arriskuan edo zaurgarritasun-egoeran dauden adinekoen kasuak baloratzeko, eta, horrela, zerbitzua zabaltzeko.
Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak eta Joana Etxeberria Politika Feministako eta Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu dutenez, “zerbitzu hau martxan jartzearekin batera, beste urrats bat emango dugu, batetik, adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko eta, bestetik, zaintza-lanak kolektibizatzeko dugun konpromiso irmoan. Ez dezagun ahaztu zaintza-lanak batez ere emakumeek egiten dituztela, eta zaintzaileak zaintzea ere garrantzitsua dela. Gainera, udal zerbitzuak handitzen eta indartzen jarraitzeko apustu sendoa da hau”.