Arrigorriagako Udalak AROA Euskararen Plan Estrategikoa onartu du, herrian euskararen erabilera eta biziberritzea bultzatzeko ekimen nagusia
-
Plana bost hilabeteko parte-hartze prozesu baten ostean dator; bertan 213 herritarrek baino gehiagok hartu dute parte galdetegi, elkarrizketa eta lan-mahaien bidez.
-
Ezagutzak nabarmen egin du gora azken hamarkadetan (% 18,4 izatetik % 41,7 izatera pasatu zen 2021ean), baina erronka nagusia adierazkortasuna, kale-erabilera eta gizarte-transmisioa indartzea da orain.
-
Ekimenak zazpi ardatz estrategiko eta hainbat neurri zehatz jasotzen ditu gobernantzan, etorri berrien harreran, merkataritza suspertzean, kiroldegiko eskaintzan eta gazteen aisialdian eragiteko.
Urriari zegokion Osoko Bilkurak Arrigorriagako Euskararen Plan Estrategiko berria (AROA 2026-2030) onartu du behin betiko. Plan berri honek orain arteko Euskara Sustatzeko Ekintza Planari (ESEP) jarraipena emango dio, Eusko Jaurlaritzaren esparru berriari erantzunez. Prozesua 2026ko otsailetik uztailera bitarte garatu da, herriaren diagnostiko zehatza osatu eta etorkizuneko lerro nagusiak adosteko helburuarekin.
Parte-hartze zabala eta diagnostikoaren ondorioak
Plana ontzeko egin den prozesuan 213 pertsonak hartu dute parte zuzenean, galdetegien, ikastetxeetako ekimenen, banakako elkarrizketen eta hainbat sektoretako lan-mahaien bitartez.
Diagnostikoak datu positiboak utzi ditu; izan ere, euskararen ezagutzak gorakada handia izan du azken 35 urteetan: % 18,4 euskaldun izatetik % 41,7 izatera pasatu zen 2021eko datuen arabera. Orain gainditu beharreko erronka nagusiak hauek dira: ezagutzak gora egin duen arren, adierazkortasunak eta kale-erabilera baxuak kezka sortzen du, eta etxe askotan euskara ez da ohiko hizkuntza. Gainera, funtsezkotzat jo da etorri berrien harreran euskara zubi eta integraziorako tresna gisa indartzea.
AROA markoaren ardatz eta neurri nagusiak
Plan estrategikoak zazpi ardatz nagusitan egituratzen du bere jarduna (gobernantza, jarrera/motibazioa, ezagutza/gaitasuna, erabilera/elkarreragina, berrikuntza, ikerketa eta komunikazioa). Horien bidez, hainbat eremutan eragin nahi da:
-
Gobernantza eta elkarlana: Euskararen Mahaia eratzea eta arloka zein gaika talde egonkorrak antolatzea (transmisioa, kirola, kultura).
-
Etorri berriak: Immigrazio atalarekin elkarlanean aritzea, harrera inklusiboko ekintzak bultzatzea, bidelagun zein mentore programa bat ezartzea eta AISA motako ikastaroak zein euskara eskolak eskaintzea.
-
Merkataritza eta ostalaritza: Saltokietan euskarazko arreta balioetsiko duen kanpaina abiatzea eta merkatariei itzulpen zerbitzuak, materialak zein ikastaroak erraztea.
-
Kiroldegia: Kirol instalazioetan euskararen presentzia handitzeko plan berezia garatzea eta begirale zein hezitzaile euskaldunak bermatzea.
-
Gazteak eta aisialdia: Gazteentzako erreferenteak hurbiltzea eta euren ikuspegitik aisialdi eskaintza euskalduna indartzea.
-
Ikerketak: Herriko kale-erabilera neurketak sistematikoki egiten hastea.
Plan honekin, Arrigorriagako Udalak berretsi egiten du euskararen biziberritzean aurrerapausoak emateko konpromisoa, herri osoaren inplikazioarekin eta etorkizuneko oinarriak sendotuz.