Arrigorriagako Udalak inoiz baino ahalmen handiagoa izango du herriaren garapena eta herritarren bizi maila bultzatzeko
-
Kontuak 18.842.180,61 eurokoak dira (aurreko ekitaldian baino % 6,78 gehiago), eta 1.299.536 euro bideratuko dituzte inbertsioetara, udal-kiroldegia, auzoak eta espazio publikoak ardatz hartuta.
-
Lehen aldiz, aurrekontuek genero-ikuspegiko azterketa eta Agenda 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuekiko lerrokatzea jasotzen dituzte.
Arrigorriagako Udalak 2027. urterako aurrekontuak onartu ditu azaroari dagokion osoko bilkuran, EH Biduren, Arrigorriaga Gararen eta Noaren aldeko botoekin eta EAJren eta PSEren ezezkoekin. Horrenbestez, Udalak urte berria behin betiko kontu eguneratuekin hasiko du, udal-zerbitzuen jarraitutasuna bermatzeko eta eguneroko bizitzan eragin zuzena izango duten proiektuei bultzada emateko.
2027ko aurrekontua 18.842.180,61 eurokoa da, aurreko ekitaldiarekin alderatuta % 6,78ko igoerarekin, eta 1.299.536,00 euro bideratzen ditu espazio publikoak eta udaleko ekipamenduak hobetzeko inbertsioetara. Inbertsio-jardueren artean nabarmentzen dira udal-kiroldegiaren lehen fasean aurrera egitea, Osasuna eta Higiene auzoko jarduerak osatzea, Santa Isabel ingurua birnaturalizatzea eta birgaitzea, babesleku klimatiko gisa ur parke bat egokitzea, Lanbarketako aparkalekuak berrantolatzea eta Barzubia baserria gazteen eta herriko hainbat eragileren gune gisa bideratzeko proiektua garatzea.
Era berean, aurrekontuak eusten dio elkarte-, kirol-, kultura- eta gizarte-sareari ematen zaion babesari, eta indartu egiten ditu pertsonen arretarako, hezkuntzako, euskarako, berdintasuneko eta sustapen ekonomikoko politikak, funtzionamendu-kostuen igoerari aurre eginez.
«Aurrekontu honek argi erakusten du gure lehentasuna pertsonak eta auzoak zaintzea dela, zerbitzu publikoen kalitatea babestuz eta herriaren etorkizunerako proiektu erabakigarrietan aurrera eginez, udal-kiroldegitik hasi eta auzoetako espazioen hobekuntzaraino», adierazi du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.
Plangintza-berrikuntzak: genero-ikuspegia eta 2030 Agenda
2027ko aurrekontuek bi berrikuntza nagusi jasotzen dituzte udal-politiken plangintzan:
-
Genero-ikuspegiko aurrekontu-analisia: Berdintasun Arloak lehen aldiz egindako azterketa honek zuzenean berdintasuna sustatzera bideratutako 258.109,31 euroko gastua identifikatzen du, beste partida eta zerbitzu batzuez gain, etorkizunean ikuspegi hori modu sistematikoagoan txertatzeko abiapuntu gisa.
-
2030 Agendarekiko lerrokatzea: EUDELen metodologiari jarraikiz egindako lehen ariketa honetan aurrekontuaren % 100 ordezkatzen duten 436 partida aztertu dira. Baliabideen ia erdia gizarte-dimentsioari lotuta dago; laurden bat, gobernantzari; eta, beste horrenbeste, ingurumen-dimentsioari. Euskadi Basque Country 2030 Agendako aniztasun linguistiko eta kulturalaren helburuak ere kontuan hartu dira aurrekontua egiterakoan.
«Kontu orekatuak eta zorrotzak prestatu ditugu, eguneroko zerbitzuen iraunkortasuna bermatzen dutenak eta, aldi berean, genero-ikuspegia eta 2030 Agendako helburuak txertatuz kudeaketa gardena eta emaitzetara bideratua sustatzen dutenak», nabarmendu du Peio Garmendia Ogasun zinegotziak.
Osoko bilkurako eztabaida eta ekarpenak
Udal gobernu-taldeak azaroaren hasieran aurkeztu zien oposizioko alderdiei aurrekontu-proiektua, eta ekarpen eraikitzaileak jasotzeko prestasuna azaldu zuen, betiere zero baturaren printzipioa errespetatuz (gastu-partidak birbanatuz).
«Lan handia egin dugu aurrekontu hau garaiz eta zorroztasunez prestatzeko. Gure konpromisoa irmoa da eta helburua, argia: Arrigorriagak urte berria kontu eguneratuekin hasi behar du, herritarren beharrei erantzuten jarraitzeko eta inbertsio estrategikoak bermatzeko», azpimarratu du Maite Ibarra alkateak.