Edukira joan

Arrigorriagako Udalaren lehentasunak pertsonak eta auzoak izango dira 2027. urtean ere

image
  • Proiektu honekin, gobernu-taldeak aurrekontu orekatua proposatzen du, udal-zerbitzu eta -politikei jarraitutasuna ematen diena, auzoen beharrei erantzuten diena eta berdintasunarekin, jasangarritasunarekin eta herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzarekin konprometitutako kudeaketa publiko arduratsuan aurrera egiten duena. 

  • Lehen aldiz, aurrekontuak genero-ikuspegitik eta Agenda 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuekin uztartu dira. 

Arrigorriagako udal gobernu-taldeak prest du 2027. urterako aurrekontu proposamena. 18,8 milioi eurokoa da eta herritarren eguneroko bizitzan eragin zuzena izango duten ekimenekin eta udal-zerbitzu publikoen jarraitutasuna eta kalitatea bermatzeko pentsatuta dago. 

Inbertsio-jardueren artean, lehentasunetako batzuk dira udal-kiroldegiaren lehen fasean aurrera egitea, Osasuna eta Higiene auzoko jarduerak osatzea, Santa Isabel ingurua birnaturalizatzea eta birgaitzea, ur parke bat egokitzea babesleku klimatikoa gisa, Lanbarketako aparkalekuak berrantolatzea eta Barzubia baserria herriko gazteen eta beste hainbat eragileren gune gisa bideratzeko proiektua garatzea.  

«Aurrekontu honek argi erakusten du gure lehentasuna pertsonak eta auzoak zaintzea dela, zerbitzu publikoen kalitatea babestuz eta herriaren etorkizunerako proiektu erabakigarrietan aurrera eginez, udal-kiroldegitik hasi eta auzoetako espazioen hobekuntzaraino», adierazi du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak.  

Jarduera horiekin batera, proiektuak eusten dio elkarte-, kirol-, kultura- eta gizarte-sareari ematen zaion babesari, eta indartu egiten ditu pertsonen arretarako, hezkuntzako, euskarako, berdintasuneko eta sustapen ekonomikoko politikak, funtzionamendu-kostuen igoerari aurre eginez.  

«Kontu orekatuak eta zorrotzak prestatu ditugu, eguneroko zerbitzuen iraunkortasuna bermatzen dutenak eta, aldi berean, genero-ikuspegia eta 2030 Agendako helburuak txertatuz kudeaketa gardena eta emaitzetara bideratua sustatzen dutenak», nabarmendu du Peio Garmendia Ogasun zinegotziak.  

Aurrekontuaren zenbatekoa eta plangintza-berrikuntzak  

Jarduera-plan hori babesten duen 2027rako Aurrekontu-proiektua 18.842.180,61 eurokoa da (18,8 milioi euro inguru), aurreko ekitaldiarekin alderatuta % 6,78ko igoerarekin, eta espazio publikoak eta udaleko ekipamenduak hobetzeko inbertsioetara 1.299.536,00 euro bideratzen ditu.  

Era berean, 2027ko aurrekontuak bi aurrerapen esanguratsu dakarzkie udal-politika publikoen plangintzari:  

  • Lehen aldiz, espedienteak genero-ikuspegiko aurrekontu-analisia jasotzen du, Berdintasun Arloak egindakoa. Lehen azterketa horrek zuzenean berdintasuna sustatzera bideratutako 258.109,31 euroko gastua identifikatzen du, gai horretan eragina izan dezaketen beste partida eta zerbitzu batzuez gain, etorkizunean aurrekontuen lanketan, exekuzioan eta ebaluazioan genero-ikuspegia modu sistematikoagoan txertatzeko abiapuntu gisa.  

  • Halaber, lehen aldiz egin da udal-aurrekontuaren lerrokatzea Agenda 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH), EUDELek proposatutako metodologiari jarraikiz. Ariketak azterketa-xede den aurrekontuaren % 100 ordezkatzen duten 436 partida aztertu ditu, udal-politikak laguntzen duten helburuekin lotuz.  

Emaitzek gizarte-orientazio argia erakusten dute: identifikatutako baliabideen % 45,86 gizarte-dimentsioari lotuta dago, % 26,68 gobernantzari, % 24,62 ingurumen-dimentsioari eta % 2,83 ekonomikoari. 2030 Agendaren barneko hainbat helburu betetzen dira era horretara. Are, Euskadi Basque Country 2030 Agendan jasotako aniztasun linguistiko eta kulturalari buruzko helburuak ere aintzat hartu dira. 

Eguneratutako aurrekontuak 

Aurrekontu proposamena azaroko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da. Gobernu taldea duela hilabeteak hasi zen aurrekontuak lantzen; horrek ahalbidetuko du 2027ko urtea behin betiko aurrekontu eguneratuekin hastea. 

Maite Ibarra alkateak azpimarratu duenez, «lan handia egin dugu aurrekontu hau garaiz eta zorroztasunez prestatzeko. Gure konpromisoa irmoa da helburua, argia: Arrigorriagak urte berria kontu eguneratuekin hasi behar du, herritarren beharrei erantzuten jarraitzeko eta inbertsio estrategikoak bermatzeko». 

Oposizioari eskua luzatuta 

Aurrekontu proiektua azaroaren hasieran aurkeztu zitzaien oposizioko alderdiei. Gobernu-taldeak azpimarratu du aurrekontuak alderdi guztien ekarpenekin aberastu daitezkeela, eta proposamenak aztertzeko prest agertu. Hori bai, ekarpenek zero baturaren printzipioa bete beharko dute (gastu-partidak birbanatuz). Alkateak adierazi duenez, «eskua zabalik izan dugu ekarpen eraikitzaileak jasotzeko; kudeaketa honek herri osoaren onerako izan behar du».

Udaltzaingoa: 944 02 02 01
Gizarte zerbitzuak: 944 02 02 05
Kirolak: 946 71 10 21
Kultura: 946 71 23 61
Abusu Zentro Soziokulturala: 944 79 29 30