Arrigorriagako Udalak Hegoaldeko Tren Saihesbidearen egungo proiektua geldiarazteko eta alternatiba adostu bat eskatzeko aldarriari eusten dio
Maite Ibarra alkateak Radio Euskadiko Boulevard saioan salatu duenez, egungo trazadurak herrigunea zatitu eta milaka biztanleri eragingo die.
Udalak eta herritarrek argi utzi dute ez daudela azpiegituraren aurka, bai ordea, aurreikusitako ibilbilbidearen aurka, trenen zirkulazio masiboa eta gai arriskutsuen garraioa herritarren osasunaren eta segurtasunaren gainetik jartzen dituela iritzita.
Maite Ibarra alkateak argi utzi du Hegoaldeko Tren Saihesbidearen egungo trazadura onartezina dela Arrigorriagarentzat Radio Euskadiko Boulevard saioan egin dioten elkarrizketan.
Proiektua Bilboko Portuko merkantzia-trafikoa bideratzeko diseinatuta dago. HTSk tren bidez lotuko ditu portua, bertako eta Espainiako industria guneak eta Europa. Kontua da, trenbidea lurrazpian joango dela gurutzatuko dituen herri batzuetatik, baina trenak gainazalera aterako direla Arrigorriagako Lonbo auzoan, eta herrigune osoa zatituko dutela. Alkateak azpimarratu duenez, eguneko 100 tren inguru igarotzea aurreikusten da —batzuk 750 metroko luzerakoak eta gai arriskutsuak daramatzatenak—, 15 minuturo eta 24 orduz. Honek sortuko duen zarata etengabeak, bibrazioek eta segurtasun ezak kalte larriak eragingo dizkiete ehunka biztanleri, ikastetxeei eta gune nabarmenei.
«Garapen ekonomikoa ezin da egin Arrigorriagako herritarren osasunaren, segurtasunaren eta etorkizunaren kontura», aldarrikatu du Ibarrak. Udalaren eta herritarren eskaera argia da: proiektua berridaztea trenak Arrigorriaga ez dezan zatitu.
Udalak elkarlanerako eta adostasunerako eskua luzatzen jarraitzen du, baina argi utzi du ez duela onartuko herria eta datozen hamarkadak hipotekatuko dituen inposaketarik.
Udako geldialdiaren ostean, aste honetan berrekin die udalak herriko eragileekin elkarlanerako batzarrei.