Edukira joan

'Harriz harri, bizitzaz bizitza' dokumentalak joan den mendeko migrazio mugimenduak omenduko ditu Arrigorriagan

image

​Ekitaldia III. Aniztasun Kulturalaren Jardunaldien barruan kokatzen da eta XX. mendean Estatuko hainbat herritatik etorritako pertsonen testigantzak biltzen ditu. Aurkezpena ekainaren 4an izango da, 19:00etan, Lonbo Aretoan, Jon Maiak gidatuta eta sarrera doakoarekin aforoa bete arte.

Arrigorriagako Udalak 'Harriz harri, bizitzaz bizitza, historias que hicieron pueblo' dokumentalaren aurkezpena antolatu du biharko, ekainaren 4rako, arratsaldeko 19:00etan Lonbo Aretoan. Ekimen hau udalerrian ospatzen ari diren III. Aniztasun Kulturalaren Jardunaldien barruan kokatzen da eta herriko bizitza sozialean, kulturalean zein ekonomikoan aktiboki lagundu duten pertsonei gorazarre egitea du helburu.

Lan ikus-entzunezko honek joan den mendeko 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetan Extremadura, Gaztela eta Leon, Andaluzia edo Galiziatik etorri ziren milaka lagunen istorio errealak biltzen ditu. Maite Ibarra Goti Arrigorriagako alkateak azaldu duenez, "zapaltzen dugun Arrigorriaga hau iraganean erabaki ausart bat hartu zuten milaka lagunek eraiki zuten; euren eskuekin jaso zituzten gure lantegiak eta euren eguneroko izerdiarekin eraiki zituzten gure auzoak". Alkatearen hitzetan, etorritako pertsona horien "langile kontzientzia" herriaren DNAn iltzatuta geratu da betiko.

Dokumentalak agerian uzten du nola etorkinek ekarritako ondarea —hizkuntzak, doinuak eta istorioak— euskararekin eta tokiko tradizioekin nahasi zen, gaur egungo Arrigorriaga anitz eta aberatsa sortuz. Ekitaldia elebietan izango da, doako sarrerarekin aforoa bete arte, eta Jon Maia bertsolari eta idazleak aurke​ztuko du.

Udaltzaingoa: 944 02 02 01
Gizarte zerbitzuak: 944 02 02 05
Kirolak: 946 71 10 21
Kultura: 946 71 23 61
Abusu Zentro Soziokulturala: 944 79 29 30