Edukira joan

Aldaketa giroa erretiratuen etxean

image

Urte batzuen ondoren, Arrigorriagako Erretiratuen Etxeak ateak zabaldu ditu kudeaketa eta proiektu berriekin. Veronicak, udalerriarekin lotura handia duen eta ostalaritzan ibilbide luzea duenak, ilusio handiz eta ideia argi batekin ekingo dio etapa berri honi: Etxea taberna bat baino askoz gehiago izatea. Kartetan jolasteko, irakurtzeko, hitz egiteko, oroitzapenak partekatzeko eta, batez ere, topagune bat.

— Hasteko, kontaiguzu pixka bat zutaz. Zerk bultzatu zintuen Erretiratuen Etxea kudeatzera?

18 urte nituenetik daramat ostalaritzan. Beti gustatu izan zait jendearekin harremanetan jartzea, bezeroarekiko arreta eta bezeroak bigarren familia bihurtzen dituzten une partekatu horiek. Aspalditik nenbilen lokal baten bila, baina beti zegoen zerbait, ingurua edo konbentzitzen ez ninduten beste baldintzatzaile batzuk. Arrigorriagan beti, hori bai; izan ere, 17 urte nituela heldu nintzen Boliviatik Lonbo auzora. Nahiko mugitu naiz, baina beti itzultzen naiz Arrigorriagara. Nire lehen zerbitzari-lana Mississippin izan zen, eta gero urte asko eman ditut Joko Aretoan, baina hemen ere txandak egiten nituen.

— ... Eta aukera heldu zen.

Hori da. Hiru urte neramatzan hara eta hona, eta beti gustatu izan zait hemen sortzen den giroa. Adinekoekiko tratuak asko betetzen nau. Oso gogoan ditut aitita-amamak, dagoeneko ez baitaude, eta saiatzen naiz hemengo adinekoei eurei eman ezin diedan maitasuna ematen. Mari Josek esan zidan utzi egin nahi zuela, eta ea interesa nuen lokalaren kudeaketa hartzeko. Animatu egin nintzen. Ingurua gogoko dut, bezeroak ezagutzen ditut, giroa…, Arrigorriagan ondo sentitzen naiz, semea hemengo eskolara joaten da, senarra hemengoa da... Dena bat zetorrela uste nuen, eta hemen gaude ilusio handiarekin etapa berri honetarako.

— Nolakoak izan dira lehen egun hauek?

Egia esan, hasiera kaotiko samarra izan da. Egun batetik bestera zabaldu behar izan dugu erlojuaren kontra, baina lortu egin dugu, eta saiatu gara bezeroei ezer falta ez dakien, behar dutena aurki dezaten. Aldaketak aurrerago egingo ditugu.

— Zer aurki dezakete Etxera hurbiltzen direnek? Zer zerbitzu eta gune dituzue gaur egun?

Lehentasuna erretiratuek dute, eta, tabernaz gain, haien jolasetarako, kartetarako, dominorako, partxiserako... leku bat jarri nahi dugu euren eskura. Gero, adinekoak alde batera utzita, liburuekin espazio bat prestatu nahi dut, gazteak irakurtzera eta liburuak trukatzera etor daitezen. Txikienak ezin ditugu ahaztu, eta jostailu eta mahai-jokoetarako izkina bat ere jarriko dugu.

— Pentsatu duzue taberna-zerbitzutik harago jarduerarik edo proposamenik antolatzea?

Bai, datorren hilabeterako igel-joko bat jarri nahi dut, eta bilerak antolatu, elkartu daitezen eta beren pasadizoak konta ditzaten, argazkiak ekar ditzaten eta elkarri eragin diezaioten.

— Zer eskaintza mota aurkituko dute tabernan? Berritasunik sartzeko asmorik baduzue?

Hemendik hilabete batzuetara, eta erretiratuentzat bakarrik, astero menu bat eskaintzeko asmoa dut, adineko batzuk bakarrik bizi direlako, ez direlako beti ondo elikatzen, eta iruditzen zait haiek zaintzeko oso ondo etor dakiekeen zerbitzua eskaintzeko modua dela. Gainera, dagoenari eutsiko diogu eta pintxo eta errazioen karta pixka bat luzatuko dugu. Hori egin nahi dugu, baina pixkanaka, amaitu ahala, berriak egin nahi ditugu, barran dagoena beti berria izan dadin.

— Etxea harremanak izateko eta bakardadeari aurre egiteko lekua ere bada. Zure ustez, zer garrantzi dute adinekoentzako topagune horiek?

Izugarri. Batzuetan, gizartetik aldendutako pertsonak direla dirudi, eta horietako asko bakarrik daude, gainera. Etxea bezalako espazioak behar dira etxetik irteteko estimuluak aurki ditzaten, beste pertsona batzuekin elkarreragiteko, gauzak partekatzeko eta sozializatzeko. Eroso egongo diren eta haientzat pentsatutako jarduerak egongo diren leku bat eskaini behar zaie.

— Amaitzeko, zer esango zenieke oraindik etxe berria ezagutzera hurbildu ez diren erretiratuei?

Etortzeko esango nieke, oso jende atsegina aurkituko dutelako, oso ondo tratatuko dituztelako, eta ez langileen aldetik bakarrik. Kafe bat hartzeaz gain, hitz egin ahal izango dute, baita laguntza eskatu ere, behar izanez gero; izan ere, horretarako gaude, denon artean laguntza eskaintzeko gaude.​

Udaltzaingoa: 944 02 02 01
Gizarte zerbitzuak: 944 02 02 05
Kirolak: 946 71 10 21
Kultura: 946 71 23 61
Abusu Zentro Soziokulturala: 944 79 29 30