Arrigorriagako Udalak Euskararen Erabilera Normalizatzeko VII. Planaren prozesuaren emaitza aurkeztu die udal langile guztiei
Prozesuaren azken helburua da zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza euskara izatea, betiere herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuz. Gobernu-taldeak lan guztia udalbatzari aurkeztuko dio martxoaren 26an egingo duten udal bilkuran.
Arrigorriagako Udalak, udal barruan Euskararen Erabilera Normalizatzeko VII. Planaren prozesua aktibatu zuen irailean eta prozesu horren emaitza joan den astean aurkeztu zieten udal langile guztiei. Prozesuaren azken helburua zehaztu du udalak: zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza euskara izatea, betiere herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuz.
Gorka Etxebarriak, Euskara zinegotziak prozesuaren gaineko xehetasunak eman dizkigu. Hala, udal barruko diagnostikoarekin hasi zirela aurreratu du, “horrela gaur egungo hizkuntza erabileraren eta kudeaketaren argazki zehatza osatzeko”. Hortik ateratako ondorioekin udal barruan euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoa osatu dute, hemendik eta 2027. urtera arte, arloz arlo zein helburu lortu nahi duten jasoko duena.
Horrekin batera, “unean-unean erabili beharreko hizkuntza arautuko duen hizkuntza irizpideen dokumentua ere” lantzen ibili gara. “Esaterako, euskararen lekua ekitaldi publikoetan, beste administrazio batzuekiko harremanetan zelan erabili behar ditugun hizkuntza ofizialak, edo udal barruan bertan, argitalpenetan, dokumetu estandarizatuetan, kartel-egitarau-errotuluetan, udalak enpresak kontratatzean erabili behar dituen hizkuntza klausulak…”.
Bestalde, plangintzaldi hau kudeatzeko modua ere berria da Arrigorriagako Udalean: arduradun politiko eta teknikoek osatutako talde eragileak, aldiro bilduta, 2027.urtera arteko helburu orokorrak zehaztu ditu. Ondoren, horietako batzuei lehentasuna eman eta 2024an zer ekintza egingo duten adostuko dute urteko kudeaketa-planean. Talde horren ardura izango da egiteko horiek udal barruan abian jartzea eta jarraipena egitea.
Gobernu taldeak lan hori guztia udalbatzari aurkeztuko dio martxoaren 26an egingo duten udal bilkuran.
Neurri hau gobernu-taldeak Arrigorriagako gobernu planean jasotako konpromisoen artean dago; zehazki, 34. neurriari dagokio: Euskararen Erabilera Normalizatzeko VII. Plan estrategikoa onestea eta plana kudeatzeko era hobetzea.