Madalen Elkarteak 30 urte bete ditu Arrigorriagako emakumeak saretzen eta ahalduntzen
Arrigorriagako Udalak publikoki aitortu eta eskerrak eman dizkio elkarteari hiru hamarkada hauetan udalerriko emakumeen bizi-kalitatearen alde egindako ekarpen erraldoiagatik.
Arrigorriagako Madalen Elkarteak hiru hamarkadatako historia bete du. 1996an sortu zenetik, elkartea funtsezko zutabea eta topagunea izan da gure udalerriko emakumeentzat. Elkartea etxekoandreei etxetik kanpoko bizi soziala izatera ausartzen laguntzeko eta euren arteko sareak josteko helburu argiarekin jaio zen. 30 urteko urteurren borobil honen harira, Arrigorriagako Udalak publikoki adierazi nahi izan dio bere esker ona eta aitortza elkarteari, urtez urte egindako lan eta borroka ordaingabeagatik.
Madalen Elkarteak espazio seguru bat eskaini die emakumeei elkarrekin egoteko, formakuntza jasotzeko, aisialdiaz gozatzeko eta, batez ere, gizartean dagokien lekua aldarrikatzeko. Hiru hamarkada hauetan guztietan, balio horiei sendo eutsi die eta herrigintzan ezinbesteko eragilea bihurtu da.
Maite Ibarra alkateak elkarteak herrian duen garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Madalen Elkartearen 30 urteko bidea eredugarria da gu guztiontzat. Euren eskuzabaltasunak eta indarrak emakume askoren bizitza eraldatu dute, eta bide batez, herri biziago eta berdinzaleago bat eman digute. Ekarpen erraldoi bat egin diote Arrigorriagari, eta Udalaren zein herritar guztien izenean eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Bejondeizuela eta jarraitu dezagun bidea elkarrekin egiten".
Udaletik zorionak eman nahi dizkiegu hiru hamarkada hauetan elkartea osatu, bultzatu eta emakumeen topagune hau bizirik mantendu duten pertsona guztiei, eta etorkizunean ere gure kaleak energiaz betetzen jarraitzera animatzen ditugu.