Arrigorriagako Udalbatzak aho batez onartu du ekainaren 28ko Harrotasun Eguneko mozioa
Udalak lau konpromiso nagusi hartu ditu udalerriko LGTBIQ+ pertsonen errealitatea ezagutzeko, haien beharrei erantzuteko eta erasoen aurrean politika publikoak indartzeko.
Ekainari dagokion ohiko osoko bilkuran, Arrigorriagako Udalbatzak herriko sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko urrats garrantzitsua eman du. Talde politiko guztiek aho batez onartu dute ArrigoHarro LGTBIQ+ Taldeak ekainaren 28ko LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta aurkeztutako mozioa. Bozkaketan lortutako adostasun osoak erakusten du Arrigorriagako herriak konpromiso irmoa duela diskriminaziorik gabeko ingurune baten alde.
Mozioak dio, Ekainaren 28a, ospakizun eguna izateaz gain, aldarrikapen eguna ere badela: “Nahiz eta azken urteetan aurrerapen garrantzitsuak lortu diren, LGTBIQ+fobia gure gizartean oraindik ere presente dago, diskriminazio, eraso, gorroto diskurtso eta ikusezintasun moduan. Pertsona askok oraindik zailtasunak dituzte beren sexu-orientazioagatik, genero-identitateagatik edo genero-adierazpenagatik askatasunez eta segurtasunez bizitzeko”. Adibide bat jarri dute: aurten, ArrigoHarro taldeko kide batek eraso transfobo bat jasan du. “Oraindik ere beharrezkoa da konpromiso kolektiboa eta politika publikoak indartzea”.
Lau konpromiso nagusi
Arrigorriaga anitzago, inklusiboago eta diskriminaziorik gabeko baterantz aurrera egiten jarraitzeko asmoz, Udalak lau akordio edo konpromiso nagusi hauek hartu ditu bere gain:
- Eskubideen defentsa: Udalaren konpromisoa berrestea LGTBIQ+ pertsonen eskubideen alde eta edozein diskriminazio, indarkeria edo gorroto-diskurtso borrokatzeko.
- Udal Ekintza-Plana: Udalerrian egingo den diagnostiko batetik abiatuta, sentsibilizazio, prestakuntza, ikusgarritasun eta LGTBIQ+fobiaren prebentzio neurriak jasoko dituen plan bat bultzatzea.
- Parte-hartzea bermatzea: ArrigoHarro LGTBIQ+ Taldearen parte-hartze zuzena ziurtatzea sexu- eta genero-aniztasunarekin lotutako udal ekimen guztietan.
- Ekintzak babestea: Ekainaren 28aren inguruan antolatutako jarduerak babestea, zabaltzea eta herritarren parte-hartzea sustatzea.