Edukira joan

Eraso transfoboaren aurrean udalaren gaitzespena

Ekainean sartu berri gara, LGTBI+ Harrotasuna aldarrikatzeko eta ospatzeko hilabetean, eta, LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, azken osoko bilkuran Arrigorriagako Udalak adierazpen instituzionala onartu zuen. Oraingoan, ohar honen bidez, ostera, Arrigorriagako Udalak gaitzespen irmoa adierazi nahi du asteburu honetan udaleko zinegotzi batek jasandako eraso transfoboaren aurrean.

Larunbatean, zinegotzi batek etenga​beko irain transfoboak jasan zituen Arrigorriagan. Udalak erabat gaitzesten du gertatutakoa, eta elkartasun eta babes osoa helarazi nahi dizkio erasoen biktimari.

Era berean, udal honek eskerrak eman nahi dizkie egoeraren aurrean esku hartu, babestu eta gertakariaren aurrean modu aktiboan erantzun zutenei. Horrelako jarrerek erakusten dute elkartasuna eta erantzukizun kolektiboa ezinbestekoak direla gorrotoaren eta diskriminazioaren aurrean.

LGTBIfobia ez da soilik eraso fisikoen bidez adierazten. Irainak, mespretxuak, zalantzan jartzeak edo gutxiespenak ere sexu-orientazioan, genero-identitatean edo genero adierazpenean oinarritutako diskriminazioaren adierazpenak dira, eta ez dute lekurik gure herrian.

Kasu honetan, gainera, erasoa herritarren ordezkari baten aurkakoa izan da. Horrek dimentsio instituzionala du, eta agerian uzten ditu emakume, genero eta sexu disidenteek espazio publikoan, politikoan eta sozialean parte hartzean dituzten oztopoak eta indarkeria-adierazpenak.

Gogorarazi behar dugu horrelako erasoek ez diotela pertsona bakar bati soilik eragiten; mezu baztertzailea LGTBI+ kolektibo osoari zuzentzen zaio. Horregatik, LGTBIfobiaren aurkako borroka gizarte osoari dagokion ardura da.

Arrigorriagako Udalak berretsi egiten du aniztasuna bermatzeko, diskriminazioari aurre egiteko eta ingurune seguruak eraikitzeko duen konpromisoa.

Lanean jarraituko dugu Arrigorriaga herri aske, seguru eta askotarikoa izan dadin, eta pertsona guztiak askatasunez eta duintasunez bizi daitezen, beldurrik gabe.

Udaltzaingoa: 944 02 02 01
Gizarte zerbitzuak: 944 02 02 05
Kirolak: 946 71 10 21
Kultura: 946 71 23 61
Abusu Zentro Soziokulturala: 944 79 29 30