Arrigorriagako Udalak udalerriko lehen LGTBIQ+ diagnostikoa jarri du martxan
Arrigorriagako Udalak sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko urrats garrantzitsu bat eman du gaur, herrian egingo den lehen LGTBIQ+ diagnostiko espezializatua aurkeztuta. Ekimen hau duela urtebete maiatzaren 17ko adierazpen instituzionalean hartutako konpromisoari erantzunez dator, Arrigorriaga pertsona guztientzat udalerri seguru, abegikor eta diskriminaziorik gabekoa izatea helburu.
Maite Ibarra alkateak azpimarratu duenez, "ez dugu aurrez pentsatutako erantzunik ekarri, lehenik entzun egin nahi dugu". Politika publiko eraginkorrak diseinatzeko herriko LGTBIQ+ pertsonen errealitatea, bizipenak, beharrak eta kezkak ezagutzea ezinbestekoa dela gaineratu du. Prozesu hau Sudergintza kooperatiba feministaren laguntza teknikoarekin eta Arrigo Harro herriko LGTBIQ+ kolektiboaren inplikazioarekin egingo da.
Argazki zehatza eta sareak indartzea
Berdintasun Sailetik azaldu dutenez, gaur egun udalerriak ez du errealitate honen inguruko argazki eguneraturik. Diagnostikoaren helburua ez da txosten soil bat egitea, herriko LGTBIQ+ pertsonen egoera sakon ezagutzea, sareak indartzea eta espazio seguruak sortzea baizik. Datozen hilabeteetan, herritarrak, eragile sozialak, hezkuntza komunitatea eta udaleko langileak entzungo dira.
Metodologiari dagokionez, prozesuak hainbat fase izango ditu: aurretiazko azterketa, elkarrizketa sakonak, eztabaida taldeak eta herritar guztiei zuzendutako galdetegi bat. Ikuspegi parte-hartzaile honen bidez, ikusgarritasuna, LGTBIQ+fobia, aisialdia, zaintza-sareak eta herriko parte-hartze soziala bezalako gaiak aztertuko dira.
Lehen urrats gisa, uztailaren 1ean herritar guztiei zuzendutako galdetegi bat zabalduko da. Udalak eta Arrigo Harro kolektiboak herritar guztiak deitu dituzte prozesuan parte hartzera: "zenbat eta ahots gehiago bildu, orduan eta aberatsagoa izango delako lortuko dugun argazkia".