Edukira joan

Batera Arrigorriagan: Aurkezpena

image
  • ​​​Batera Arrigorriagan dinamikaren emaitzen aurkezpen publikoa egin zen atzo Edurne Garitazelaia kultur etxean
  • 2024ko apirilean abiatu zen euskararen erabilera berrindartzeko prozesu komunitario hau Arrigorriagan eta orotara 75 herritarrek parte hartu dute dinamikan
  • Kike Amonarrizek gidatutako aurkezpen publikoan jende ugari bildu zen

Euskararen erabileran gorantzko jauzi bat eman asmoz jarri zuen martxan Arrigorriaga Euskarri elkarteak, Udala eta Taupa, Euskaltzaleen mugimenduarekin elkarlanean, Batera Arrigorriaga jendarte laborategia 2024an.

Ekimen honek euskararen biziberritzean Arrigoarriagako eragile eta herritarrak inplikatzea izan du helburu eta, emaitzak ikusita, erabat arrakastatsua suertatu dela baieztatu liteke. Izan ere, 75 herritarrek parte hartu dute lan saioetan eta 5 kontraste talde osatu dira herriko beste horrenbeste sektoretako ordezkari eta eragileekin euskarak goranzko jauzia egiteko eman behar diren baldintzak aztertzeko. Besteak beste: gurasoak, gazteak, herriko elkarte ezberdinak, euskaratik urrun bizi diren herritarrek eta Abusuko auzotarrek osatu dituzte lan talde hauek eta partehartze zein ekarpen aldetik izugarri emankorrak izan dira.

Otsailaren 6an Kultur Etxeko Azokea aretoan egindako ekitaldi jendetsuan, dinamikaren emaitzak aletzeaz gain, 6 hilabetetako bidean izandako bizipenak ere azaldu zituzten partehartzaileek. Zentzu honetan, bereziki nabarmendu zuten euskararen inguruko ikuspegi eta jarrera ezberdinak partekatzea zein aberasgarria izan den, esperientzia uste baino oparoagoa izan zela adierazi zuten eta: “Parte hartzaile askori euskararen erabilera gizarte osoaren erronka dela konturatzeko balio izan dio ariketak, euskaldunena zein euskara ez dakiten herritarrena, hain justu. Eta gehienek adierazi dutenez, Arrigorriagan behar zen euskararen erabileraren inguruko hausnarketa kolektibo hau, herritar sarea sendotu eta euskararen aldekotasuna aktibatzeko ere balio izan du eta”.

Dinamikaren emaitzei dagokionez, erabilera areagotzeko espazio inklusiboak sortu beharraren garrantzia aipatu zuten prozesuaren sustatzaileek. Horretarako, herriko eragile eta erakundeak aktibatu eta kirolean, espazio soziokulturalean eta aisialdian aliantza berriak eraikitzeko konpromezua azaldu zuten.

Gakoetan beste bat, herritar berrien harreran euskara erdigunean jartzearekin batera, etxean euskararen transmisioa bermatzea dela adierazi zuten.

Asmoa, finean, Arrigorriagan euskara edonon eta normaltasunez erabiltzeko baldintzak ezartzea da; eta horretarako sinergia berriak adosteko helburua dute Batera Arrigoarriaga dinamikako bultzatzaileek hur​rengo hilabetetan. Zentzu horretan, Arrigorriagan euskararen aldeko saretze eta aktibazioa akuilatzeko Euskaraldiak ematen dituen aukerak aprobetxatu behar dela adierazi zuen Kike Amonarrizek. Maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzeko ariketa kolektiboa.

Gaurtik hasita, euskal hiztun direnen eta ez dakiten edo erabiltzen ez dutenen arteko zubiak eratu eta Arrigorriaga euskaldunago, harkorrago eta irekiago baten alde lanean jarraituko dutela jakinarazi zuten Batera Arrigorriaga dinamikako parte hartzaileek.


Udaltzaingoa: 944 02 02 01
Gizarte zerbitzuak: 944 02 02 05
Kirolak: 946 71 10 21
Kultura: 946 71 23 61
Abusu Zentro Soziokulturala: 944 79 29 30