Edukira joan

Arrigorriagako Udalaren gaitzespen adierazpena Bilboko erailketa matxistaren aurrean

image

Atzo iluntzean, Bilbon, gizon batek bere bikotekide ohia erail zuen etxean. Emakumeak 34 urte zituen, eta bi seme-alaba, erasoa gertatu zenean etxean zeudenak. Arrigorriagako Udalak, minez eta amorruz, bere gaitzespenik irmoena adierazten du erailketa matxista honen aurrean. Aurten seigarren emakumea da indarkeria matxistak Euskal Herrian hil duena.

Azaroaren 25ean, milaka lagun atera ziren kalera indarkeria matxistaren aurka. Biharamunean, gizon batek beste emakume bat hil zuen. Oraingoan, gure ondoan gertatu da. Bilbo ez dago urrun: gure herritar askok han egiten dute lan, han ikasten dute edo han bizi dira. Ezin dugu beste nonbaiteko kontutzat hartu. Ez da kasu isolatua, ezta ezbehar bat ere. Egiturazko indarkeria da, botere-harreman desorekatuetan eta emakumeen aurkako diskriminazioan oinarritzen dena, eta giza eskubideen urraketa larria. Ezin dugu normalizatu, ezin gara isildu eta ezin dugu beste alde batera begiratu.

Arrigorriagako Udalak elkartasun eta babes osoa helarazten die hildako emakumearen familiari, lagunei eta hurbileko pertsonei, bereziki haren seme-alabei, indarkeria honen biktima zuzenak ere badirelako. Halaber, elkartasuna adierazten diegu Bilboko herritarrei.

Aurtengo azaroaren 25eko adierazpen instituzionalean gogorarazi genuen indarkeria hori desagerrarazteko herritarren inplikazio aktiboa behar dela, erakundeekin batera. Indarkeria matxistaren aurrean, ezinbestekoa da erantzukizun pertsonal eta kolektiboa hartzea: haren edozein adierazpen identifikatzea, gaitzestea eta horren aurrean jardutea. Indarkeria hori ahalbidetzen duten jarrerak eta jokabideak ere desagerrarazi behar ditugu.

Erakundeok ezin gara gaitzespen-adierazpenetara mugatu. Prebentzioa indartu, koordinazioa hobetu eta indarkeria matxista jasaten duten emakumeei eta haien seme-alabei erantzun azkarra, osoa eta eraginkorra bermatu behar diegu. Erantzukizun hori gure gain hartzen dugu, eta lanean jarraituko dugu, Udalaren baliabideekin eta beste erakunde eta herriko eragileekin elkarlanean.

Horregatik guztiagatik, Arrigorriagako Udalak herritar guztiei dei egiten die Mugimendu Feministak antolatutako mobilizazioetan parte hartzera. Ezinbestekoa da kaleak hartzea eta ahotsa altxatzea. Ez dugu onartuko indarkeria matxista normalizatzea, ezta erasotzaileen inpunitatea ere. Ez dugu atzera egingo emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko konpromisoan.

Nahikoa da!

Udaltzaingoa: 944 02 02 01
Gizarte zerbitzuak: 944 02 02 05
Kirolak: 946 71 10 21
Kultura: 946 71 23 61
Abusu Zentro Soziokulturala: 944 79 29 30