Edukira joan

Arrigorriagako Udalak eta herriko eragileek Barzubia baserria berreskuratzeko eta bertan gazteentzako espazio autogestionatu bat sortzeko bidea aurkeztu dute

image
  • Udalak eta herriko hainbat eragilek agerraldi bateratua egin dute. Hilabeteetako aurre-lanaren ostean, ondare historikoa den eraikina salbatzeko eta gazte zein herri mugimenduaren eskura jartzeko asmoak gizarteratu dituzte. 

  • Barzubia baserriak egiturazko arazo larriak ditu eta behera erortzeko arriskua du; Udalak konpromiso irmoa hartu du hura egokitzeko eta erabilera soziala emateko. 

  • Testuinguru honetan, Arrigorriagako Gaztetxeak 'Gaztetxe Herrira' parte-hartze prozesua abiatuko du, Udalaren babes osoarekin. 

Hilabeteetako lan isil eta sakonaren ostean, Arrigorriagako Udalak eta herriko hainbat eragilek atzo arratsaldean eginiko agerraldian ezagutzera eman dute Barzubia baserriaren etorkizuna bermatzeko eta hura erabilera sozialera bideratzeko akordioa. 

Barzubia baserria Arrigorriagako ondare historiko garrantzitsua da, baina urteak daramatza egoera kaskarrean, egiturazko arazo larriekin, eta behera erortzeko arriskua du ondorioz. Egoera horri aurre egiteko eta ondarearen galera saihesteko, Udalak eraikina konpontzeko eta atontzeko konpromiso irmoa hartu du bere gain. Egokituko den espazio berri horri gainera, funtzio sozial nabarmena emango zaio, herriko gazteen eta hainbat eragileren beharrei erantzuteko. 

'Gaztetxe Herrira' prozesuari babesa 

Zentzu horretan, Arrigorriagako Gaztetxeak 'Gaztetxe Herrira' parte-hartze prozesua abian jarriko du udalerriko gazteentzako autogestionatutako espazio berri bat sortzeko helburuarekin. Arrigorriagako Udalak babes osoa adierazi dio ekimen honi. 

Udalaren ustez, gazteek beren espazio propioak izan behar dituzte askatasunez elkartzeko, antolatzeko eta mota guztietako ekimen kolektiboak garatzeko. Espazio autogestionatu bat funtsezko tresna da herri-sarea indartzeko, parte-hartzea sustatzeko eta gazteen ekimenetik abiatuta harreman- eta gizarte-eraldaketarako modu berriak eraikitzeko. 

Horregatik guztiagatik, Udalak prozesu hau elkarrizketaren, entzute aktiboaren eta lankidetzaren bidez laguntzeko prestutasun osoa berretsi du, gazteek beren proiektuak aurrera eramateko eta herriaren eraikuntza kolektiboan aktiboki parte hartzeko beharrezkoak dituzten espazioak eta aukerak izan ditzaten. Izan ere, Arrigorriaga eraikitzea gazteei komunitatea eta etorkizuna garatzeko tokia ematea ere bada. 

Udaltzaingoa: 944 02 02 01
Gizarte zerbitzuak: 944 02 02 05
Kirolak: 946 71 10 21
Kultura: 946 71 23 61
Abusu Zentro Soziokulturala: 944 79 29 30