Lege-Araudia

Euskal Autonomia Erkidegoa

Hizkuntzei dagokienez Autonomia Estatutua da funtsezko araua. Bertan xedatzen da Autonomia Erkidegoko lurraldean hizkuntza ofizial bi izango direla: euskara eta gaztelania.

Bi hizkuntzen erabilera arautzeko, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea onartu zen. Erkidegoko lurraldean kokatuta dauden administrazio guztiei eragiten dien legea da.

Euskararen gaineko araudian nabarmentzekoak dira ere 6/1989 Legea, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa, eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua arautzen duen 6/2003 Legea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua", abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua.

Estatutuaren 6. artikuluan, Euskal Herriko berezko hizkuntza den euskarari hizkuntza ofizialaren izaera aitortzen zaio gaztelaniarekin batera, herritarrek bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea dutelarik.

Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, "Euskararen Erabilpena Arautzekoak" , Autonomia Estatutuan xedatutakoa garatzen du.

6/1989 Legea, uztailaren 6koa, "Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa" .

Abenduaren 22ko 6/2003 Legea, "Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena".

HERRI ADMINISTRAZIOAK

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua, oinarrizko araua da hizkuntzei dagokienez, bertan ofizialtasun izaera aitortzen baitzaio euskarari gaztelaniarekin batera.

Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea, Euskararen Erabilpena Arautzekoa, bi hizkuntzen ofizialtasunaren ondorioa da, eta bertan hizkuntza betebeharrak ezartzen  zaizkie herri administrazioei.

Zehazki administrazioaren esparruarekin lotuta, bi arau hartu behar dira kontuan:

     - Uztailaren 6ko 6/1989 Legea, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.

     - "86/1997 Dekretua" , apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena.

Bi arau hauen eragin eremua herri administrazioa da, eta euskararen normalizazioak arlo horretan izango dituen ondorioak eta herri administrazioen betebeharrak finkatzen dira bertan.

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua abenduaren 22ko 6/2003 Legeak onartu zuen, eta bertan aitortzen diren eskubideen artean hizkuntza eskubideak daude, herritarrek herri administrazioen aurrean ere erabiltzekoak direnak.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena, estatu mailako araua da, herri administrazio guztiei eragiten die, eta bertan hizkuntzen erabilera administrazioarekiko harremanetan arautzen da.

Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna espainiar estatuak sinatu eta berretsi zuen, eta ondorioz bere lurraldean aplikatu beharreko araua da. Gutun hori berrestean, estatuak betebehar batzuk hartu ditu hizkuntzen babesaren inguruan.

Gure Udala

Arrigorriagako Udalak bere eskumeneko jardun-eremuan euskararen erabilera normalizatzeko ondoko plan eta ordenantzak onartu izan ditu:

A) Udalerri mailan Udalbatzak onartu eta burututako planak honako hauek izan dira:

  1. 2003ko apirilaren 29an, Euskara Biziberritzeko Plan   Nagusia 2003-2006 (EBPN) onartu zuen, ondoren urte betez luzatu zena (2007ra arte).
  2. 2008ko otsailean Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia 2008-2011 (EBPN) onartu zen, urte betez luzatu zena (2012ra arte).
  3. 2014ko martxoaren 27an onartu zuen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana 2013-2017 (ESEP) onartu zuen Udalbatzak (aurreko EBPN izeneko planaren ordez).

B) Euskararen erabilera udal administrazio mailan normalizatzeko planak honako hauek izan dira:

  1. 2001eko abenduaren 28an Arrigorriagako Udalbatzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana 2001 onartu zuen.
  2. 2006ko urtarrilean Euskararen erabilera normalizatzeko plana (2006-2007) onartu zuen Udalbatzak.
  3. 2008ko urtarrilaren 31n Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana (2008-2011) onartu zuen Udalbatzak eta ondoren urte betez luzatu (2012ra arte).
  4. 2013ko abenduaren 26an Udalbatzak Euskararen erabilera normalizatzeko plana 2013-2017 onartu zuen.

C) Ordenantza:

2005eko urtarrilaren 28an Arrigorriagako Udalbatzak Euskararen Erabilera Sustatzeko eta Normalizatzeko Udal Araudia onartu zuen (PDF 282KB)

Ohiko galderak

Ohiko galderak

Zerbitzu-karta

  • Zerbitzuen karta Bannerra

Kokapena eta kontaktua

mapa

Urgoiti pasealekua, 57
48480 Arrigorriaga (Bizkaia)
Tel.: 944 020 200
Faxa: 944 020 219
euskarazerbitzua@arrigorriaga.eus