Historia

Uribeko Merindadeko Elizatea da eta Gernikako Juntetxean 39. zenbakia zeukan aulkia zegokion. 1876ra arte pisu handikoa izan zen eskualdean Arrigorriagako Elizatea, eliztarren artean Arrankudiaga, Basauri, Zaratamo eta Alonsotegiko herritarrak ere bazituela. Urteotan, foruak kendu ostean eta hainbat pleituren ondoren, desanexionatu egin ziren herri hauek.

Gure herriaren jatorria kondaira eta mitoetan ezkutatzen da. Alegiazko historia honetan herriaren izena bera ere bitxi samarra izan dela esan behar da (“harri gorriak dauden lekua”). Herriaren izenaren jatorriaz lotutako kondairak ugariak dira, batzuk itsu-itsuan onartu eta beste batzuk eztabaidan jartzen diren kontakizunak. Baina egia bai badena “Padurako batailaren” mito, kondaira, istorio eta dena delakoak Euskal Herriko historiografia eta literaturan makinatxo bat orri betearazi izana dugu.

Kondaira honen mamia eta haria ezagutu nahiko bagenitu, 870 edo 888. urtera jo beharko genuke, gutxi gorabehera. Aldi hartan PADURA izeneko tokian (gaur egun Arrigorriaga lekutzen den gunean bertan), Bizkaiko Jaunaren soldaduek - lehenengo Jaunarenak dio kondairak- leondarrak suntsitu egin omen zituen borroka odoltsu batean. Leondarren nagusi Ordoño Printzea izan omen zen, Leongo Koroa jasoko zuena, Alfontso “Handia”ren semea. Arrigorriaga izena, borrokaleku izan zen inguru hartan isuritako odolak gorrizturiko harrien oroigarri jarri omen zitzaion toki hari.

Antzinako Ollargan

Beste batzuen esanetan, Ollargan mendian aurkitu zitezkeen burdinazko zainengatik ezarri zitzaiola izen hori entzun liteke. Dena dela, Arrigorriaga aipatzen duten lehenengo berri historikoak XII. mendekoak dira. Horiek Arrigorriagako Magdalenaren eliza 1107an Oñako San Salvadorrekin bat egin zuela aipatzen dute (Iturriza historiagileak bere obran baturiko datua).

1300ean Ollargan mendia, bertako meategiekin, Bilboko hiribilduari eman zitzaion Diego Lopez Haro jaunak egindako hiri-gutunean zehazten denez. Urte gutxi batzuk geroago, 1375ean, elizate honetako eliztarrek Juan Jaunarengandik -garai hartan Bizkaiko Jaun zenarengandik- hiribilduaren barrutiko legepean egotea lortu zuten. Eskubide honen eraginez, bertakoek inguruko handikien bidegabekeria eta gehiegikerietatik babesa izango zuten.

1783an, Jose de Arana jauna Alkate zela, gaur egun ezagutzen dugun plaza inauguratu zen. Aurretik gaur egun Padura izeneko taberna dagoen lekuan zegoen, udaletxearen aurrean. Tokiz aldatze honen arrazoi nagusienetarikoa bertatik Bilbotik Gaztelerako Errepidea igaroko zela izan zen. Errepide honek erdibitu egiten zuen herriko plaza zaharra eta hain geratu zen estua ezen herritarrek ezin zuten gari-jotzerako bertatik ganoraz ibili.

XIX. mendeko karlistada bietan, garrantzia handia izan zuten borrokaldi gogorren gertaleku izan zen Arrigorriaga. Herria Zaratamorekin lotzen zuen Moyordin zubian izan ziren biak, lehenengoa 1835eko irailaren 11n eta bigarrena 1872ko maiatzean.

Mende honen hasieran, 1907.urtean, Ugertzako zubia egin zen Arrigorriagako herrixkak eta herrigunearen arteko komunikazioa erraztearren. Arrigorriagako udaletxea erreta1920an elizaren ekialdea, kanposantu zaharra zegoen lekua, “Salón Festivo” izeneko Zinema Areto bihurtu zen. Halaxe gogoratzen dute oraindik ere arrigorriagarrek. 1928an plazako eskolak eraiki ziren, Urgoiti Ibilbidekoen ostean. Eta garai hartakoak dira herriko beste hainbat eraikin ere (Ugertzako zubia, herri-iturriak, kultur Ateneoa ...). Ordura arte, eskolatzearen ardura Elizateak berak zeukan eta zeregin horretarako alokaturiko lokalak erabiltzen ziren.

1940ko azaroaren 2an, Udaletxeak sute ikaragarria izan zuen eta Udal-artxiboaren zati handi bat erre egin zen. Eraikin hau 1777. urtekoa zen.

1983ko uholdeetatik hona Udaleko gune garrantzitsuenak itxura berria erakusten du. Gure eraikuntzen eta aisialdi-guneen iragana errespetatuz, Arrigorriaga zerutikherriko historiari estu lotuta dauden guneak birmoldatu ahal izan ditugu, besteak beste, Paper-fabrika zaharraren eremua –gaur egun Lonbo (Lonbo Aretoa, kirol-gunea, aisialdi-gunea eta umeentzako jolas-gunea), Santo Kristorako sarbide-eremua, Mendikosolobarrena eta Mintegi (Dinamita parke zaharra).

Hirigintza arloan oreka bilatzea izan da helburua; gure herritarrei ahalik eta bizigarritasun eta bizi-kalitate onena eskaini nahi izan diegu, batetik, eta ingurumena zaindu, bestetik.

Intereseko informazioa

Informazio interesgarria

Nola heldu

Nola heldu

Arrigorriagako irudiak

Arrigorriagako irudiak