Berriak

 

Uztailaren 20an, Arrigorriagako pilotalekuan emango zaio hasiera Bizkaiko VII. Txapelketari, Olaizola II-Aretxabaleta eta Bengoetxea VI-Larunbe bikoteen arteko partida garrantzitsuarekin

Ohiko herri-kirolez eta futbol-, saskibaloi- eta padel-txapelketez gain (jaiak hasi baino egun batzuk lehenago hasiko dira), kirolak nagusi izaten jarraituko du Arrigorriagako jaietan. Aurten ere ez da faltako esku-pilota jardunaldi profesionala; hain zuzen, hilaren 20an, ostiralean, lehiatuko da.

Oraingoan, Bizkaiko Txapelketaren VII. edizioaren hasiera egingo da pilotalekuan. Bertan, Oiz taldea eta Ganekogorta taldea elkarren aurka arituko dira. Horrela, 22:00etatik aurrera eta ETBko kameren zuzeneko emanaldiarekin, Arteagak Lasorekin neurtuko ditu indarrak lau eta erdian, buruz burukoan Bakaikoa eta Urretabizkaia arituko dira eta bikotekako nagusian Olaizola II eta Aretxabaletak aurrean izango dituzte Bengoetxea VI eta Larunbe.

Hala eta guztiz ere, profesionalek ez dute pilotazaleen artean protagonismo osoa hartuko; izan ere, hurrengo egunean, hilaren 21ean (larunbata), benjamin eta benjamin aurreko kategorietako pilota-partidak jokatuko dira anbulatorioko pilotalekuan, Arguia Pilota Eskolak antolatuta. Horrez gain, hilaren 22an, benjamin aurreko, benjamin eta kadete kategorietako partidak jokatuko dira udal-pilotalekuan.

Gainera, ez dira faltako herrian oinarri sendoa duten beste kirol batzuk. Xakeari dagokionez, hilaren 21ean, larunbatean, Taldekako Partida Laburren Txapelketa eta Haurrentzako Txapelketa jokatuko dira udaletxeko arkupeetan. Horretaz aparte, patinajea ere egongo da, familia osoarentzako XI. Hiriko Ibilbidean parte hartzeko aukera egongo baita. Taekwondoari dagokionez, haur eta gazteentzako ate irekien jardunaldia antolatuko da kiroldegian.

Hilaren 21ean, urpekaritza-ikastaro bat eskainiko da, eta Padura Mendi Taldeak eskalada bat antolatuko du kiroldegian. Hori gutxi balitz, hilaren 22an txirrindularitza gailenduko da; izan ere, XII. Txirrindulari Bira lehiatuko da, udaletxeko plazan hasi (11:30ean) eta amaituko dena. Madalena Egunean herri-kirolentzako tartea ere egongo da, Bizkaiko Herri Kirol Ligarekin eta Ondarroako Herri Kirol Taldearen presentzia aipagarriarekin. Lehendakari Agirren dagoen estalki berrian izango da.