Berriak

 
Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko XXIII. Jaialdiaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek, bai herriko bai bisitan etorritako publiko ugariak hitzorduak proposatutako ekintza ezberdinetan parte hartu duelako. Aurtengo jaialdiaren arrakasta azpimarratu dute, publikoaren aldetik izan duen harreragatik eta antzezlanen kalitateagatik. Maiatzaren 4tik 6ra ospatu den edizioak hamaika ikuskizun eskaini ditu, Euskal Herriko, Estatuko zein nazioarteko artisten eskutik.

Jaialdiari ostiralean eman zitzaion hasiera Danimarkako Lotta & Stina, Argentinako Cia. Levelibular eta Espainia/Kolonbiako Pass & Company taldeekin. Eguraldi kaskarrarren ondorioz, antzezlanak Kiroldegian egin zituzten, baina horrek ez zuen oztopatu publikoak hiru ikuskizun hauetaz gozatzea. Larunbatean lau emanaldi aurkeztu ziren Udaletxeko Plazan. Aimar y Cia. taldeak ‘Etxea/Casa/Home’ lana aurre-estreinatu zuen bertan, Leioako Umore Azokan estreinaldi ofiziala izango duen ikuskizuna, hain zuzen. Erresuma Batuko Men in coats konpainiak barreak ekarri zituen Arrigorriagara, eta zirkurik onena Txileko Trinity-k eta Extremadurako Cia. Albadulake-k aurkeztu zuten. Herriko umeak izan ziren igande goizeko izarrak Arrigorriagan. Zozongo-k modu dibertigarri batean birziklatzen irakatsi zien, perkusioa erabiliz. Shakti Olaizola-k sekulako orekak eta postura arraroak aurkeztu zizkien Udaletxe Plaraza bertaratutakoei. Aurreko egunetan Men in coats eta Lotta & Stina taldeen ikuskizunetaz gozatzeko tarterik izan ez zutenek, igandean gerturatu ziren Arrigorriagako Udaletxe Plazara. Ondoren Italiatik heldutako komediarik onenaz gozatzeko tartea izan zuen publikoak Cia. Lucchettino-ren eskutik. Eta El Gran Dimitri, Manolo Costa y Mindanguillo eta Los Taps artistek publikoz gainezka zegoen Frontoian eskainitako magia muntai handiak eman zion amaiera egitarauari.

Jaialdiaren antolakuntzatik aurtengo edizioan parte hartu duten konpainia guztiek eskainitako lan ona eskertu dute. Amaitutzat ematen da honela Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdiaren XXIII. edizioa, herriko txoko guztietara umorea eraman duena, antolatutako ikuskizun ezberdinekin arte eszenikoak bultzatuz eta tailer eta erakusketen bitartez arlo pedagogikoari ere garrantzia emanez.