Berriak

 

Joan den abenduaren hasierako haizetearen ondorioz, Landarragan haritz bat erori zen, eta Arrigorriagako Udalak hariztiaren egoerari buruzko txosten bat egiteko agindu zuen. Bada, txostenak dioenez, komeni da basoa osatzen duten 29 haritzetatik gutxienez bost botatzea.

Txostenaren arabera, hariztia bere bizi-zikloaren azken fasean dago. Horretaz gain, intsektu xilofagoen izurrite batek kalte handia egin dio, eta, horren ondorioz, azkarrago ari da hondatzen. Bost zuhaitzen egoera bereziki larria da, eta, hortaz, moztu egingo dira.

Itxuraz egoera hobean dauden gainerako 24 haritzei dagokienez, adaburuetako adar hilak kentzea gomendatzen da, pisua orekatzeko. Nolanahi ere, lanei ekindakoan, “in situ” balioetsiko da arriskua zenbatekoa den, eta baliteke beste aleren bat bota behar izatea.

Era berean, erabaki da aurki beste haritz batzuk landatuko direla hala espazio libreetan nola basotik hurbil dauden eremuetan, etorkizunean ere bertako hariztia izan dezagun.