Berriak

 
Aurreko jakinarazpenetan adierazi izan dugun moduan, Arrigorriagak eslogan berria izango du abiatu berri dugun 2019 urte honetan. Ekimenaren helburua Arrigorriagakoa izatearen sentimendua indartzea da, elkarlanaren bidez goiburu integratzaile bat sortuz.

Proiektuaren izaera kolaboratiboari jarraikiz, iazko azaroan parte-hartze prozesua abian jarri genuen, herritarrek beren harri-koskorra jartzeko aukera izan zezaten datozen urteetan Arrigorriagari lotuta egongo den eslogana sortzeko.

Prozesu horren baitan, 150 proposamen baino gehiago jaso ditugu parte-hartzea bultzatzeko martxan jarri genituen bide ezberdinetan: herritarrekin egindako topaketetan, online formularioaren bidez eta udalerriko interesguneetan jarritako gutunontzietan.

Orain, urte berriaren hasierarekin, prozesuaren azken-aurreko fasean sartuko gara eta jasotako ekarpen guztien artean 10 goiburu onenak aukeratzeari ekingo diogu. Horretarako, datorren urtarrilaren 15ean parte-hartze jardunaldi bat izango da Arrigorriagako Kultur Etxean (Urgoiti, 13), 19:00etan. Bertaratzen diren herritarrek 7 eslogan aukeratuko dituzte eta, Udalak hautatuko dituen beste hirurekin batera, azken bozketa-prozesura igaroko diren 10 goiburuen zerrenda izango dugu.

Amaierako fase horretan, Arrigorriagako herritarrei zabaldutako bozketa-prozesua abiatuko da. Hain zuzen ere, urtarrilaren 18tik otsailaren 15era bitartean, lehen aukeraketatik ateratako 10 goiburuen zerrenda hori kontsultatu ahal izango da online formulario baten bidez eta udalerriko interesguneetan jarritako hainbat gutunontziren bitartez, eta herritarrek bozka emateko aukera izango dute.

Prozesu honen guztiaren emaitza goiburu integratzaile bat izango da, arrigorriagar guztien artean eta herritar guztientzat egina, eta udalerriaren identitatea eta herritarren artean arrigorriagar izatearen sentimendua azpimarratzeko eta indartzeko balioko duena.