Berriak

 
Aurreko urteetan bezala, Arrigorriagako Udalak bat egingo du Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Saileko Kirol Zerbitzuak ekainaren 1eko eta 2ko asteburuan antolatuko duen “Kirol Jaia - Kirolari ateak zabalik” jaiarekin, kirol parte hartzailearen kontzeptua zabaltzeko asmoz egin dena, hain zuzen ere. Arrigorriagan, igandean, hilak 2, ospatuko da jardunaldia; kirol instalazioetara sartzeko sarrerak doakoak izango dira, eta goizean hainbat jarduera egingo dira udal kiroldegian.

Igeriketa praktikatzeko, haurrentzako eta helduentzako igerilekuetara doan sartzeko aukera eskainiko da 09:00etatik 14:00etara; gainera, padeleko 3. pista, estali gabeko tenis pistak eta froteniseko pista erabili ahal izango dira.

Halaber, 10:00etatik 10:50era Body-Cycle gelan body-cycle saio bat egingo da eta 11:00etatik 11:50era gimnasio handian, Zuuumba!!!
Era berean, 10:00etatik 13:00etara, hainbat kiroletan hasteko aukera egongo da klub hauen eskutik: Arrigorriagako Tenis Kluba, tenis-pista erdiestalian; Errekondo Padel Taldea, 3. padel-pistan; Padura Saskibaloi Taldea, saskibaloi-kantxan; Arguia Pilota Eskola, pilotalekuan; herri kirolak ere pilotalekuan izango dira, eta eskalada, rokodromoan.

Kirol-taldeek eskainiko dituzten jarduera guztietan parte hartzen dutenek opari bat izango dute. Hura eskuratzeko, txartel bat hartu beharko dute kiroldegiaren atezaindegian; kirol-taldeek zigilatuko dute jarduera egin ondoren.


Kartela (PDF, 406KB)