Berriak

 
2018ko Madalenak uztailaren 19an hasiko dira, 20:00etan. Ordu horretan, Aritz Berri Dantza Taldeak, zeinak aurten hogei urte betetzen baititu, txupinazoa botako du, eta pregoia irakurriko du. Pregoian, hain zuzen, babesa agertuko dio “Euskaraldia, 11 egun euskaraz” proiektuari. Dantza Taldeko kideek Ahobizi eta Belarriprest pertsonaien laguntza izango dute, eta ondoren pertsonaia horiek herrian zehar ere ikusi ahal izango ditugu, jai-giroan murgilduta.
Euskararen normalkuntzaren aldeko ekimen honek egitarauko beste hainbat ekintzatan ere izango du lekua. Gainera, informazio-mahai bat jarriko da ostiralean, hilaren 20an, Udaletxeko plazan. Bertan, tokiko batzordeko kideek informazio zehatza emango diete interesdunei, eta Ahobizi edo Belarriprest gisa izena emateko aukera egongo da.
Plazan banderatxoak jarriko dira lehen egunetik eta udal-eraikinek Euskaraldiarekin lotutako apaingarriak izango dituzte. Ostalaritza-establezimenduek ere bat egingo dute kanpainarekin: “Hemen ahobizi/belarriprest gara” mezua duten pegatinak jarriko dituzte eta txapak banatuko dira tabernetan eta bertso-bazkarian. Horrez gain, batzordeko kideek uztailaren 22ko (igandea) playback-ean parte hartuko dute, lehiaketatik kanpo. Helburua da ekimena musika ezaguna eta erraz ikasteko moduko hitzak dituen abesti baten bidez ezagutaraztea, euskara dantzan jartzeko.
Jende artean Euskaraldiari buruzko informazioa banatzen arituko dira zenbait pertsona; izan ere, ekimenaren helburuetako bat da, besteak beste, euskarak lekua izatea festetan, giro onean, ligatzeko garaian, dantza egitean, kuadrillen artean, jolasetan eta, azken batean, dibertsioan.