Berriak

 
Datorren maiatzaren 30ean (osteguna), Hirukidek, Euskadiko Familia Ugarien Federazioak, bere zerbitzu eta jarduerak aurkeztuko dizkiete Arrigorriagako eta inguruko udalerrietako familia ugariei. Hitzordua 18:30ean izango da Kultur Etxeko ikus entzunezko aretoan, eta familia ugariei edo aurki izango direnei bertaratzeko gonbit egin zaie.

Hirukideren aurkezpena aukera paregabea da, federazioaren zerbitzu eta jarduerak ezagutzeko ez ezik, kolektiboak dituen laguntza eta hobari publikoei lotutako informazio xehatua jasotzeko ere. Horrez gain, familiek beren iradokizun eta erreklamazioak aurkez ditzakete, eta Hirukide kexa horiek erakundeetara bidaltzeaz arduratuko da. Halaber, kolektiboari eragiten dioten berrikuntzen berri emango da:

Pasaportearen eta NANaren tasen salbuespenak: Familia ugariko kideek doan egin dezakete NAN edo pasaportea.

Familia ugariaren egoera luzatzea: familiek tituluari eutsiko diote seme-alaba gazteenak legean ezarritako adina bete arte (21 edo 26 ikasten edo prestatzen jarraitzen badu).

Argindarraren bonu soziala: baieztatu dute % 25eko beherapenari eutsiko zaiola familia ugarientzat.

Amatasunagatiko osagarria pentsioetan: dagoeneko indarrean dago pentsioetan amatasunagatiko osagarria, gutxienez bi seme-alaba izan dituzten emakume langileen kontribuzio-pentsioetan. Igoera % 5ekoa izango da bi seme-alaba izan dituzten emakume langileentzat, % 10ekoa hiru izan dituztenentzat eta % 15ekoa, berriz, erretiroa hartu eta lau seme-alaba edo gehiago izan dituzten emakumeentzat.