Berriak

 
Arrigorriagako Udalak Zainduz programa eskaintzen du 2014tik, mendekotasuna eta/edo desgaitasuna duten pertsonen eta haien senideen eta zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzeko zerbitzu-multzo bat. Zerbitzuok doakoak dira eta hainbat profesionalek ematen dituzte, pertsona horiei arreta eta zaintza-lanak hobetzeko estrategiak, ezagutzak eta gaitasunak lortzen laguntzeko asmoz. Programak hainbat jarduera-ildo barne hartzen ditu eta 2018an hiru izan dira ildo nagusiak.

Lehenengoaren helburua izan da mendekotasuna duten pertsonen autonomia sustatzea, eta psikoestimulazio-tailer bat egin da mendekotasuna duten pertsonen narriadura kognitiboa, funtzionala eta sentsoriala moteltzeko. Hain zuzen, ordu eta erdiko 22 saio egin dira otsailetik uztailera bitartean, guztira 33 ordu, herriguneko Erretiratuen Etxean. Bertan, aktiboki 11 pertsonak parte hartu zuten, 9 emakumek eta 2 gizonek.

Baliabide honek eskari handia du erabiltzaileen artean; izan ere, sei hilabetez errutina bat eratzen du eta familiei ordu eta erdiko atsedena ematen die. Parte-hartzaileen batez besteko adina 82 urte izan da, % 57 alargunak ziren eta % 40k narriadura kognitiboa zeukaten. Bilatzen zen helburua bete da, parte hartu duten pertsonek gaitasun kognitiboak mantendu edo hobetu dituztelako, eta baliabidearen balorazioa egin da, parte-hartzaileen eta senideen iritzia kontuan hartuta. Eman dioten nota honako hau da: 10etik 9,4.

Bigarren ildoa mendekotasun duten pertsonen zaintzaileei prestakuntza eta informazioa ematen oinarritzen da. Horretarako, prestakuntza-plan bat eskaini da, bi ikastarotan banatuta: bata jokabide zailen maneiuari buruzkoa eta bestea, erabiltzaileek aukeratu dutena, zainketan dolua kudeatzeari buruzkoa. Lehenengoa ekainean egin zen eta 6 ordu eman ziren. Bertan, 8 pertsonak parte hartu zuten, 2 gizonek eta 6 emakumek. Eman zioten puntuazioa 10etik 9,11koa izan zen. Bigarrenean, ostera, 6 pertsonak parte hartu zuten, 3 emakumek eta 3 gizonek. Eman zioten nota 10etik 9,5ekoa izan zen.
Azkenik, hirugarren ildoa landu da, zaintzaileen ongizate emozional eta psikologikoari laguntzeko helburua duena, laguntza psikologikoko talde baten bidez. Talde horri esker, normalean pairatzen diren antsietate-, depresio- eta gainkarga-mailak murriztu dira. Ordu eta erdiko 17 saio egin dira, bakoitza hamabost egunez behin. Hortaz, 30 ordu izan dira otsailetik azarora. Bertan, 10 pertsonak parte hartu dute. Guztiak ziren zaintzaileak, 60 urteko batezbesteko adinekoak, eta mendekotasuna duten pertsonen seme-alabak (% 58) edo bikotekideak (% 42). Zaintza behar duten pertsonen adina 82 urte da batez beste eta gehienek (% 72) alzheimerra edo bestelako dementziak dituzte. Pertsona zaintzaileen gehiengoa etxekoandreak dira (% 80) eta batez beste sei urte daramatzate haien senideak zaintzen. Kasu honetan ere, zerbitzuarekin izandako gogobetetze-maila bikaina izan da (9,7).