Berriak

 
Abusu, ¡a tope por la igualdad! - Abusu, berdintasunean bete betean! lelopean, Abusu auzoko (Arrigorriaga eta Bilbo) hainbat elkarte eta erakundek Kultur Astearen XIII. edizioa antolatuko dute martxoaren 31tik apirilaren 7ra.

Astea hasteko, ibilaldia egingo da Bolintxura martxoaren 31n (igandea). Ondoren, "El último valle" dokumentala eskainiko da Buiako Auzo Etxean. Astelehenean eta asteartean, liburuen aurkezpenak izango ditugu Abusuko Zentro Soziokulturalean; horietan, anorexiari eta mikromatxismoei buruz hitz egingo dute, besteak beste. Amaia Barrenaren “Un melón en la maleta (A Fortiori editorial) eta Cristina Gutiérrez Meursen “Eva no fue la primera” (EC.O Ediciones Cívicas) liburuak aurkeztuko dira, hain zuzen ere. Horrez gain, asteko lehen bi egun horietan, familientzako tailerrak eta ipuin-kontalariak egongo dira Ibaialde liburutegian, baita komunikazioari eta perkusioari buruzko tailer bat ere kalean.

Asteartean, apirilaren 3an, Liburu Azoka irekiko da, 11:00etan, Ibaialde zelaian, eta hantxe izango da larunbatera arte (apirilaren 6a). Jarraian, Abusuko herritar Eider Pacheco Ferreirok “Eres una estrella" izeneko bere liburua aurkeztuko du. Eider Pacheco medikua eta emagina da. Arratsaldean, parkean elkartuko gara, arrantza egiteko. Gainera, Abusuko liburutegian Kamishibai ipuin-kontaketa saioa izango dugu, baita antzerkia eta euskal dantzak ere. Hori gutxi balitz bezala, Abusutarrak taldea auzoan zehar ibiliko da kantuan.
Ostegunean, saltoki batzuetako erakusleihoak ekimen honetarako berariaz sortutako mikroipuinez beteko dira, eta hitzaldi bat emango da tratu onei, nork bere burua zaintzeari eta indarkeria matxistari aurre egiteko jardunbide egokiei buruz. Ondoren, Francisco Panerak bere azken eleberria aurkeztuko du: “7 cuerdas” (Nova Casa Editorial). Jarraian, Txateko istorioak literatura-lehiaketako sariak banatuko dira.
Ostiral goizean, kale-arteko horma-irudia egingo dugu denon artean. Arratsaldean, berriz, Scape Gela egongo da gazteentzat, eta “El País escondido” eleberria (Martín Abrisketa, Planeta ed.) aurkeztuko da. Horrez gain, Endika Lehaine + Leizek rap-tail eskainiko digute.
Larunbatean, haur-jolasak, auzoan zeharreko bertso-poteoa eta herri-bazkaria izango ditugu, Onintza Enbeita eta Uxue Alberdirekin. Arratsaldean, literatura-lehiaketako irabazleak piraguaz jaitsiko dira ibaitik, zumba-saioa izango dugu eta txokolate-janaz gozatu ahalko dugu Disko-festarako indarrak hartzeko. Asteari bukaera emateko, igandean herri-crossa, xake-partida azkarrak, dantza eta arroz-txapelketa izango ditugu.

Egun horretan bertan, ongi merezitako omenaldia egingo zaie Andre Berri eta SIAL emakume-taldeei, berdintasunaren alde borrokatzen eta tradizioz emakumeei esleitutako rolak suntsitzen emandako urteengatik.

Triptikoa ikusi (PDF 684KB)