Berriak

 
Menpekotasunen Programaren barruan, Arrigorriagako Udaleko Gizarte Zerbitzuei atxikitako Prebentziorako Hezitzaile Talde Bitartekariak, 2017an, Hezkuntza Hobekuntzarako Eskola garatzen jarraitu du; gurasoentzat da, eta, berriro ere, arrakastatsua izan da parte-hartze aldetik eta prestakuntza jaso dutenen balorazioari dagokionez.
Bi helburu ditu; alde batetik, gero eta jende gehiagok eduki ahal izatea psikologia ebolutiboko oinarrizko prestakuntza, eta, bestetik, horrek aukera eman diezaiela beren seme-alaben garapen arruntari buruzko ezagutzak izateko, eta baita egon daitezkeen zailtasunei aurrea hartu edo eragozteko ere. Helburu horiei jarraituz, 2013tik aurrera tailerrak antolatu dira urtez urte.

Zehazki, iaz 94 pertsonak hartu zuten parte lau tailerretan: hiru txandatan banatuta, 26 pertsonak hartu zuten parte “Nola lagundu autonomia izaten” tailerrean (1-2 urte bitarteko haurtxoen gurasoentzat), 25ek “Beldurrak. Antsietatea ikastea” tailerrean (4-5 urteko adingabeekin), 23k “Irakurmena eta ahozko ulermena garatzea” tailerrean (7-8 urte) eta 20k “Ikasketa-teknikak eta ohiturak” tailerrean (10-11 urte). Gainera, 41 pertsona animatu dira segimendu-tailerretara, zalantzak argitzeko eta landutako tekniketan gehiago sakontzeko.
Prebentziorako Hezitzaile Talde Bitartekariak parte-hartzaileei eskerrak eman nahi dizkie izandako inplikazioarengatik eta egindako balorazioarengatik; 2018an aurrera jarraituko dute tailerrek, ziklo berri batekin eta helburu berriekin, eta, beste urte batez, Arrigorriagako eskolek eta osasun-zentroak proiektua ezagutarazteko ematen duten laguntza ordainezinarekin.