Berriak

 
Apirilaren 10etik maiatzaren 8ra bitartean egin da mindfulness tailer hau, 8 ordukoa, astean 2 orduko saio bat emanez, eta guztira 64 lagunek parte hartu dute: 2 gizonek eta 62 emakumek. Tailerra egin nahi zuten guztiei leku eman ahal izateko, 4 talde osatu ziren, 1 Abusun eta 3 herrigunean, bakoitza 21 kide ingurukoa.
Tailerraren helburu nagusia izan da emakumeei beste bizimodu bat izateko gakoak eta metodoak ematea, pertsonalki autoerrealizatuta egon daitezen. Horretarako, prestakuntza teoriko eta praktikoa eman zaie, bi ataletan egituratuta: alde batetik, mindfulness entrenamendua landu dute, eta, bestetik, xede pertsonalak nola lortu aztertu dute. Bai parte-hartzaileek bai irakasleak uste dute lortu dutela helburu hori; gainera, jende ugari bertaratu da saio guztietara, eta partaide denak oso pozik daude irakaslearen kalitatearekin eta saioetako giroarekin.
Hainbat helburu espezifiko ezarri zituzten: oraina erabateko modu kontzientean bizitzeko entrenatzea; pentsamendua eta emozioak kontrolatzea; beldurrek ez baizik eta desioek gidatutako pentsamendua izatea; entusiasmoa handitzea eta sufrimendua minimizatzea; sentimendu zintzoak bilatzea; pertsonen arteko harremanak hobetzea; gaitasun sozialak eta asertibitatea lantzea; helburu pertsonalak lortzea; autoanalisia eta autoebaluazioa egiteko joera hartzea...
Parte-hartzaileek saio guztietan eutsi diote proiektu honek hasieran piztu zien interesari, eta oso motibatuta eta gero eta ahalegin handiagoz jardun dute ikastaro osoan. Gainera, epe laburrera tailer honen beste saio batzuk egin nahiko lituzkete.
Alderdi positiboen artean, halaber, nabarmendu dute beste batzuei gomendatuko lieketela tailerra eta prest daudela Berdintasun Sailak antolatzen dituen beste ikastaro batzuetan parte hartzeko. Horrez gain, asko estimatzen dute Udalak emakumeen osasuna hobetzeko eman dien aukera hau.