Berriak

 
Antzerkia Lonbo Aretoko eszenatokira bueltatu da 2019 honetan Ados Teatroarekin. Hurrengo ostiralean, 20:00etatik aurrera, Ados Teatroak bere Dublineses antzezlana interpretatuko du gaztelaniaz. James Joycen obraren moldaketa bat da, Garbi Losadak zuzendua eta luxuzko talde batek interpretatua. Talde hori honako hauek osatzen dute: Naiara Arnedo, Asier Sota, Iñake Irastorza, Asier Hormaza, Klara Mendizabal, Isidoro Fernández, Lierni Fresnedo eta Jon Sagarzazu.

 Dublinesesen istorio erraz baina sakona kontatzen da, bizitzaren iragankortasunari buruz, gaztaroan galdutako amodioari buruz, eta nostalgiaren eta gezurren ondorioz konprometitutako bizitza batzuei buruz. Istorioa Dublinen gertatzen da, 1904ko errege egunean. Bertan, erdi eta goi mailako eta adin eta sexu desberdinetako hainbat pertsonaia Morkan andereñoek urtero haien etxean ematen duten afarira doaz.