Berriak

 

Sexu-orientazioagatiko eta genero-identitateagatiko diskriminazioa berdintasun-printzipioaren aurkakoa da. Premisa hori kontuan hartuta, Arrigorriagako Udalak bat egiten du aurten ere ekainaren 28ko kausarekin  LGTBI KOLEKTIBOEN ASKATASUNEN ALDEKO NAZIOARTEKO EGUNA  maiatzaren 17an kolektibo horiekiko fobiaren aurkako hainbat ekintza egin eta gero.

Udalak pertsonen arteko eta, bereziki, gazteen arteko tratu- eta aukera-berdintasunarekin duen konpromisoan jarduketa-eremu gero eta garrantzitsuago bat da LGTBI kolektiboei babesa ematea; izan ere, azken urteotan aurrerapenak egin diren arren, oraindik konkista sozial ugari daude lortzeko, besteak beste, gure inguruko eta munduko hainbat lekutako lesbianei, gayei transexualei, bisexualei, transgeneroei eta intersexualei eragiten dieten intolerantzia eta indarkeria desagerraraztea.

Alde horretatik, E28ko erakunde-adierazpenean Udalbatza Osoak hartu beharreko konpromisoen artean dago Arrigorriagan LGTBI pertsonei egindako edozein motatako erasoak gaitzestea, baita indarkeria fisikoa, hitzezkoa, umiliazioa eta gutxiespena ere.

Udalak 2018ko edizio honetan berretsiko duen beste konpromisoetako bat da kolektibo hauetako pertsonek bizi duten egoerarekiko sentsibilizazio-programak sustatzea, informazio- prestakuntza- eta kontzientziazio-ekintzen bitartez. Horrez gain, herritarrei dei egin die egun hau dela-eta herriko gazteengan oinarrituta antolatu diren ekintzetan parte hartzera.

Sexu- eta genero-aniztasuna normalizatzeko, ezinbestekoa bizitzako lehen etapetatik aniztasuna zerbait natural moduan barneratzea. Hori dela eta, 18:00etatik 19:30era gazteentzako hainbat jarduera egingo dira Udaletxeko plazan: txapa tailerrak, puxikekin ortzadarraren bandera egitea, sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko horma-irudia, photocall-a… Jarraian, kontzertua emango dute hainbat DJk: DJ Ander (Future House), DJ Masa (Techno), DJ Iñu (Big Room) eta DJ Gomi (Reggaeton, EDM, Trap…). Gainera, ostalaritzako hainbat establezimenduk bat egin dute egitasmoarekin, eta ohiko pintxo-potea koloretsuago egingo dute egun horretan.

Herritar guztientzako jarduera horiez gain, Udalak genero-ikuspegia lantzeko sexualitate-tailerrak antolatzen ditu urtero Arrigorriagako ikastetxeetako ikasleentzat.

Kartela ikusi (PDF 128KB)