Berriak

 
2018ko abenduaren 20ko udalbatzarra egin zuen Arrigorriagako Udalak eta euskararen gaiak presentzia nabarmena izan zuen gai zerrendan. Izan ere, Udalbatzak euskara sustatzen jarraitzeko plan bi onartu zituen: alde batetik, Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) eta, bestetik, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana (Normalizazio Plana), biak 2022.urte artekoak. Sonia Rodriguez Euskara zinegotziak aitortu duenez, “plan bietan talde politiko guztien partaidetza eta iritzia bilatu nahi genituen. Izan ere, azaroko informazio batzordean talde guztiei jakinarazi zitzaien planen zirriborroen gaineko aportazioak, zuzenketak, iritziak emateko epea zabalik zegoela. Hala ere, gobernu taldeaz gain, ez genuen ekarpen bakarra ere jaso, nahiz eta plan horietan bost urteko planifikazioa erabakiko zen”.
Lehena, ESEP, Jaurlaritzak diseinatu eta udalen esku utzitako tresna metodologikoa da eta horren bidez, Arrigorriagako Udalak euskara udalerrian sustatzeko Plan Estrategikoa kudeatuko du.  Bertan helburu nagusiak jaso dira eta horiekin batera lehentasunezko ekintzak alorrez alor. Ez da proposamen itxia, marko orokorra baizik: urtez urteko kudeaketa planean zehaztuko dira jarduerak, helburu zehatzak, adierazleak eta baloratzeko irizpideak.
ESEP, beraz, herriari begirako plana dugu. NORMALIZAZIO PLANA, ostera, udal barrura, administrazioari begirakoa da eta aho batez onartu zuen udalbatzak. Erakundeak eta langileek eurek egindako diagnosian du oinarria plan berri honek. Sonia Rodriguez Euskara zinegotziak azaldu duenez, “langile guztiei galdetegi bat pasa zitzaien eta horietatik eratorritako erantzunak oso baliagarriak izan dira non gauden jakiteko, plan berri honen abiapuntua ezagutzeko”.
Horrez gain, azpimarratzeko iruditu zaio Euskara zinegotziari udal langileen hizkuntza-ezagutza. “Dagoeneko lanpostu guztien % 71,8k egiaztatu dute dagokien hizkuntza-eskakizuna eta hori posible izan da azken urteotan erabilitako hizkuntza politikari esker, zalantzarik gabe. Herritarrei euskaraz  egiteko prest dago plantilaren ehuneko handia, batzuetan laguntza behar badute ere. Horretara ere badator plana ”.
Helburu nagusia Arrigorriagarrek Udalarekin euskaraz jarduteko duten eskubidea bermatzea da eta, eskubide hori bete dadin, euskara zerbitzu zein lan hizkuntza modura normaltasunez erabiltzeko hartu beharreko neurri guztiak hartzen ditu planak. Helburu orokorrak betetze aldera urtekako ekintza planak egingo dira.