Berriak

 

Arrigorriagako Udalak, Emakumeen eta Gizonen arteko III. Berdintasun Planaren barruan, emakumeentzako gizarte-sustapen eta prestakuntza ikastaroaren beste edizio bat eskainiko du. Ikastaroa urritik ekainera bitartean egingo da, eta hiru gai izango ditu ardatz: emakumea, kultura eta gaurkotasuna; psikologia-tailerra; eta gimnasia mentala egiteko tailerra.

Ikastaroaren bitartez, emakumeen ezagutza eta esperientzia indartzea, pertsonen arteko komunikazioa hobetzea, emozioak kontrolatzea, norberarekin seguruago sentitzea eta jarrera positiboa izatea lortu nahi da. Guztira 333 orduko prestakuntza teoriko-praktikoa emango da, aurreko ikasturtean baino 69 ordu gehiago; hortaz, nabarmen areagotu da genero-ikuspegia duen emakume helduentzako prestakuntzarekin lotutako irakaskuntza-karga. Aurrez aurreko saioez gain, kultur irteerak ere egingo dira.

Bi talde egongo dira Arrigorriagako herrigunean, eta beste bat Abusun. Azken hori izango da ikastaroarekin hasten azkena, datorren urriaren 10ean hasiko baita, Abusuko Zentro Soziokulturalean. Asteazkenetan izango dira saioak, 16:00etatik 19:00etara. Arrigorriagako herriguneko taldeek urriaren 9an hasiko dute ikastaroa, eta saioak astearte eta ostegunetan izango dira, udaletxean (bigarren solairuan). Lehenengo taldearentzat 16:00etatik 17:30era izango dira saioak, eta bigarrenarentzat, berriz, 17:30etik 19:00etara.

Ikastaroa ofizialki hasteko, hitzaldi bat emango da: “Haurduntza subrogatua eztabaidagai”, urriaren 4an, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 18:00etatik aurrera.

Ikastaro honetan parte hartu nahi dutenek irailaren 20tik urriaren 5era bitartean eman beharko dute izena Udalaren Herritarren Arretarako Zerbitzuan (HAZ) edo Abusuko Zentro Soziokulturalean.