Berriak

 
Urriaren 26an (ostirala), 18:00etatik aurrera, Arrigorriagako liburutegian (erdigunean) ipuin-kontaketa musikatuko saio bat egingo da 3-5 urte arteko haurrentzat. Haurrek familiarteko batekin batera egon beharko dute.
Nerea Ariznabarreta kontalariak eta Mariano Hurtado musikariak eskainiko dute "Ezberdin bezain eder" ikuskizuna, eta ekitaldia ikusteko aldez aurretik gonbidapen bat eskuratu beharko da. Gonbidapena liburutegian bertan jaso ahal izango da urriaren 22tik (astelehena) aurrera, 16:30etik 20:30era.
Oraingoan, ezberdintasunean jarriko da arreta, desberdina izatean, anitza eta desberdina dena jakin-minez begiratzean, ezagutzean eta hurbiltzean. Hala, “Txirula izan nahi zuen kontrabaxua”, “Milaka koloretako eguzki-izpi arraroa” eta “Ezusteko oparia jaso zuen urtxintxa” izango dira entzun ahal izango diren narrazioetako batzuk. Zuzeneko musika izango da istorio horien lagun leiala, eta emozioak azaleratzen, ertzak biribiltzen, begirada zabaltzen eta aniztasuna laguntzat hartzen lagunduko digu.