Berriak

 
Arrigorriagako Osasun Zentroak eta Gizarte Zerbitzuek elkarrekin jarduteko protokoloa sortu dute, bi zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzeko xedez. Horretarako, zenbait egoeratan jarduteko jarraibide homogeneoak ezarri dituzte, herritarrenganako arreta hobetze aldera.
Protokoloan parte hartzen duten bi zerbitzuak lehen mailako arretakoak dira eta Arrigorriagako herritar guztientzat dira. Hori abiapuntu hartuta, protokoloaren helburu nagusia da herritarrek osasunaren eta gizarte-zerbitzuen arloan dituzten arazoak konpontzea eta arreta soziosanitarioa hobetzea.
Protokoloa egiten aritu dira, alde batetik, Osasun Zentroko kasuan kasuko medikuak eta erizainak eta, bestetik, dagokien kasuetan esku hartzen duten Gizarte Zerbitzuetako langileak. Hala, protokoloaren bidez arreta emango diete sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei, buruko gaixotasunen bat duten pertsonei (zaintza behar dutenei nahiz behar ez dutenei), gizartetik baztertuta gelditzeko arriskuan edo gizartetik baztertuta dauden pertsonei, arriskuan dauden haurrei, eta mendeko pertsonei edo mendeko izateko arriskuan daudenei.
Arreta hori emateko, informazio partekatuko sistema bat erabiliko da oinarrizko tresna gisa, eta betiere dagokion pertsonaren baimena beharko da, edo haren senideena, kasua zein den. Halaber, kasuak konfidentzialtasunez kudeatu eta tratatuko dira, datuen babesa errespetatuz.
Bi zerbitzuek koordinazio-bilerak egingo dituzte hilean behin, eta han zehaztuko dute zein kasu tratatuko dituzten, haiek aztertzeko eta erantzun eta arreta egokiena emateko. Horretarako, lanerako eta kasuaren jarraipena egiteko plan bat prestatuko dute.