Berriak

 

Arrigorriagako umeen gustuetara ondoen moldatzen diren jolas-ekipamendu berriak zein diren ezagutzeko 2017ko urrian abiarazitako parte hartzeko prozesuaren ostean, Udalak IPLAY URBAN DESIGN SL enpresari esleitu zion Agirre lehendakariaren parkeko estalkiaren azpian kokatuko diren jolasen hornidura eta instalazioa. Lanak gaur hasi dira.

Ikastetxean eta Udalaren web orrian egindako lehenengo inkestetatik (bertan 313 familiak parte hartu zuten guztira) eta abenduan egindako tailer batean bildu ziren ekarpenetatik, haur-parkerako ideia bat atera zen. Azken hori pleguetan jaso zen zenbait lehentasunekin, hala nola: ekipamenduak 12 urte baino gazteagoak diren umeentzat izatea (gehien bat 6 eta 12 urte bitartekoentzat), neska eta mutilen arteko elkarrekintza bultzatzea, taldekako jolasak sustatzea edo erreferentziazko jolas konbinatu handi bat jartzea, tamaina txikiagoko jolasekin batera.

Aldez aurreko ideia horiek aintzat hartuta eta 168.152,68 euroko aurrekontu-partidarekin, lehiaketa egin zen. Zortzi enpresa aurkeztu ziren eta IPLAY URBAN DESIGN SLk irabazi zuen. Enpresak, behin obrak hasita, parkea umeek erabiltzeko prest utziko du datorren azaroaren erdialderako.