Berriak

 

Jaiotzekin, dotore-dotore apaindutako zuhaitzekin eta turroiekin batera, bueltan dator Gabonetan xakea Arrigorriagara. Beste behin, Arrigorriagako Endroke Xake Elkarteak eta Udaleko Gazteria Sailak elkarlanean antolatu dute Haurren Xake Lehiaketa. Abenduaren 29an, larunbata, izango da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Gaztegunean.
Parte hartu nahi duten 15 urte arteko haur eta gazteak aurkez daitezke txapelketara. Izena emateko Gaztegunearekin harremanetan jarri eta gero, parte-hartzaileak adinaren arabera sailkatuko dira. Sariak egongo dira adin-kategoria guztietan.
Taula hilaren 30ean, igandean, ere izango da protagonista, Helduen Xake Lehiaketan. Hori ere Endrokeren eskutik egingo da, Gaztegunean, goizeko 10:00etatik aurrera. Lehiaketan parte hartzeko kostu orokorra 6 eurokoa izango da, eta 3 eurokoa, aldiz, udalerriko biztanleentzat, bazkideentzat eta gazteentzat. Bestalde, emakumeek doan eman dezakete izena.
Piezak Abusun ere mugituko dira. Bertan, berriro ere Endrokeren eskutik egingo da abenduaren 27 eta 28an Haurren Xake Txapelketa Zentro Soziokulturaleko 3. gelan.

Informazio gehiagorako, zuzenean jar daiteke harremanetan elkartearekin honako helbide elektroniko honen bitartez: endrokexake@gmail.com