Berriak

 
Asier Albizua Arrigorriagako alkateak eta Julián Eraso Itzuliko presidenteak lankidetza hitzarmena sinatu dute, eta aurtengo Euskal Herriko Itzuliak geldialdia egingo du udalerrian. Zehazki, apirilaren 11n, laugarren etapa (Gasteiz eta Arrigorriaga artekoa) bertan amaituko da 163 kilometroko ibilbidearen ondoren. Bosgarren etapa ere, Arrigorriaga eta Arrate artekoa (149 km), bertan hasiko da.

Albizuk eskerrak eman dizkie konfiantzagatik eta lankidetzagatik Arrigorriagako Txirrindulari Elkarteari, eta Enviser eta Cementis Rezola-Grupo Heidelberg babesleei. Ondoren, azaldu du neurri horretako ekitaldi bat herrira eraman ahal izateko hainbat jarduketa egin behar izan direla, eta espero duela horiek eragozpenik ez eragitea herritarrei.

Besteak beste, Severo Ochoa kaleko helmugarako bidean egindako obrak aipatu ditu: zabaltzea, zolatzea, zebra-bidetako belarriak estaltzea, badenak jaistea... Izan ere, kale horretatik sartuko dira Zaratamotik datozen txirrindulariak. Edukiontzi eta zaborrontziak ere kendu dituzte, eta lasterketa amaitu ondoren berriro ipiniko dituzte. Alkateak adierazi duenez, “garrantzitsuena lasterkarien segurtasuna babestea da, eta Arrigorriaga prest dago Itzuliari harrera egiteko”.

Itzulia dela eta, hainbat kale itxi egingo dituzte, eta beharrezkoa izango da hainbat aparkaleku aske uztea, nahiz eta beste aparkaleku batzuk ipini dituzten Lonbon, Landarragan, Arandian eta Martiartu auzoan aparkatu ahal izateko. Podioa Juan XXIII plazan ipiniko dute, eta autobus, kamioi eta karabanako gainerako ibilgailuek Mendikosolon aparkatu ahal izango dute.

Hurrengo egunean, sinadura-kontrola udaletxearen plazan kokatuko da, eta, irteera neutralizatuari dagokionez, udaletxearen atzealdean izango da, Severo Otxoa kaletik 625 errepide nazionalerantz. “Espero dugu bi etapa zirraragarri eta erabakigarri izatea Itzuliari begira”, gehitu du Albizuak.

Bestalde, Julián Erasok eskerrak eman dizkio Arrigorriagari bere prestutasunagatik, eta gogorarazi du pelotoiak udalerria bisitatu zuela duela 13 urteko Euskal Bizikletan; gainera, ez du alde batera utzi laster itzultzeko aukera. “Sekulako zaletasuna dago, txirrindularitza-klubak behin eta berriz eskatu digu etortzeko, eta Udalak ere ahalegin handia egin du. Errepikatzeko moduko tokia da”.

Itzuliko presidenteak jakinarazi du Nairo Quintana ez dela irteeran egongo alergia arazoak direla eta; horrez gain, helduera ikusgarria iragarri du, talde txiki baten amaierako esprintarekin. Antza denez, Alaphilippe izan daiteke garailea. Erasok uste du norgehiagoka handia egongo dela, “World Tourreko garaipenak oso garestiak baitira”, eta txirrindulari euskaldun bat podioaren goienean ikustea gustatuko litzaioke, 2003an geroztik (Mayo) ez baita hori gertatu. “Landa ilusioz beteta dago, eta Jon Izagirrek itxaropena eragiten dit, kronometro-frogetan trebea izateaz gain sekulako taldea duelako”.