Berriak

 
Arrigorriagako Udala 2007. eta 2008. urteen artean idatzitako Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia (MBPB) eguneratzeko prozesuan murgilduta dago. Horretarako, kanpoko aholkularitza-enpresa baten, Bateraren, laguntza dauka, objektibotasunez azter dezan duela hamar urte baino gehiago eginiko dokumentua.

Enplegu eta Ekonomia Sustapenerako saila testua aztertzen ari da, eta orduan planteatu ziren helburuak banan-banan baloratzen, horietatik zein bete diren egiaztatzeko eta bideragarriak ez direnak helburu errealistagoetara egokitzeko, egun erabilgarri dauden baliabideak aintzat hartuz.

Gaur egun, tokiko merkataritza txikia kaltetua izaten ari da erosketa-ohitura berrien ondorioz (merkataritza-gune handietan, teknologia berrien bidez…). Hori horrela, Udalak balioa eman nahi dio udalerriko biztanleek gertuko eta konfiantzazko merkataritza babesteko egiten duten ahaleginari; izan ere, horri esker, ekarpen garrantzitsua egiten dute Arrigorriaga herri bizia izan dadin.

Enplegu eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maite Barahonaren hitzetan, “kontua ez da gehiago kontsumitzea; alderantziz, kontsumismoak merkataritza-gune handietara joatea ekartzen du, eta gehiago erostea, badaezpada edo aste pare batean berriro itzuli behar ez izateko”. “Tokiko merkataritza txikiak behar duguna bakarrik erosteko aukera ematen digu, eta bizitza ematen dio herriari, gertuko pertsonei lana emanez eta tokiko ekonomia jasangarriagoa sustatuz”, gehitu du.

Lan honen barruan, Udalaren asmoa da Arrigorriagako herritarren iritzia ere biltzea. Horretarako, ekainean inkesta bat egongo da eskuragarri Udalaren webgunean eta buzoietan ere banatu da.

Horrez gain, tokiko merkataritza babesteko gauzatzen ari diren jardueren barruan, bideo bat ere egin da, saltoki txikietan kontsumitzearen garrantziari buruz kontzientziatzeko.

Ekimen hauek aurkezteko prentsaurrekoan Asier Albizu jarduneko alkatea izan zen buru, eta ondoan izan zituen Maite Barahona, Adeckaren ordezkari Jose Cebrecos eta Baterako Mireia Muñiz. Bertan, jakinarazi zen Arrigorriagan Merkataritzaren Bulego Teknikoa jartzeko pertsona bat hiru hilabetez lanean hasteko aukera aztertzen ari direla.