Berriak

 

Gabonak garai benetan berezia dira Arrigorriagan; alde batetik, Euskadi osoan erreferentzia den Epifaniaren antzezpena dugulako, eta beste alde batetik udalerriko elkarteek hainbat ekitalditan parte hartzen dutelako, baita herritar guztiek Olentzeroren etorreran eta haurrei zuzenduriko askotariko jardueretan parte hartzen dutelako ere. Baina dena ez da Olentzero, eta egun hauetaz topera gozatzen duten beste herritar batzuk ere badaude; horregatik, aurten, Arrigorriagako Udalak 47.183 euro inbertitu ditu Gabonetako programa zabala eratzeko abenduaren 10etik urtarrilaren 6ra. Programa ez da soilik Kultura Sailean jaio, baizik eta Berdintasun, Gazteria, Euskara edo Kirol Sailek ere zeresana izan dute.

Lehen ekitaldia Umorezko Film Laburren XVII. Jaialdia izango da, abenduaren 10etik 15era. Gero, abenduaren 14an, patinaje artistikoko erakusketa eta pilota profesionala izango ditugu; Bengoetxea VI eta Imaz pilotariak Elezkano eta Rezustaren aurka arituko dira Binakako Txapelketako partidarik garrantzitsuenean. Ostiral honetan bertan, haurrentzako sukaldaritza-tailerrak izango ditugu Abusun.

Asteburuan, abenduaren 15 eta 16an alegia, tokiko talentuaz eta jarduera ugariz gozatu ahalko dugu Arte Gaztearen VI. Azokan. Horrez gain, larunbatean, abenduaren 15ean, Abusuko ludotekako ate irekien eguna izango da; ipuin-kontalariak ere izango dira bertan. Igandean, berriz, Mari Domingi plazan egongo da, gutunak jasotzen.

Abenduaren 18an, asteartean, Gabonetako dekorazio-tailerra egingo da Abusun. Hilaren 20an, berriz, gimnasia-erritmiko ikuskizuna egongo da kiroldegian, baita Bertoko ostegunak ekimenaren beste edizio bat ere, Ainhoa Galdeano patinatzailearekin. Bukatzeko, Lonbo aretoan antzerkia izango dugu (“Las herederas”).

Abenduaren 21ean Olentzero eskolara etorriko da, baita Abusura ere. Auzo horretan, antzerkia ere izango dugu ikusgai (“Ilusioa”) eta Olentzeroren Etxea jarriko da. Hilaren 22an (larunbata), Gaztegunetik irteera egingo da Bilbora eta, hurrengo egunean, antzerkia egongo da Lonbo aretoan (“Xokolat”). Hilaren 24an, beti bezala, Olentzero eguna egingo da, eta ikazkina ibiliko da gure kaleetan zehar. Egun berean, ongintzako futbol-partida tradizionala egingo da Santo Criston.

Abenduaren 26an, berriz, zinema (“Paddington 2”) eta Gaztechef jarduera izango ditugu. Egun berean hasiko dira, halaber, emakumeentzako autodefentsa-tailerra eta Gazteguneko jardunaldi teknologikoak. Hurrengo egunean, hilaren 27an, light painting tailerra eta Rockin bizi 50 urte musika euskaraz! ekitaldia izango ditugu. Abenduaren 27an eta 28an, 18 urtez azpiko erkidego-mailako mutilen selekzioen XVII. futbol-txapelketa eta 16 urtez azpikoen X. txapelketa egingo dira, eta 26an, 27an eta 28an haurrentzako jarduerak egongo dira Abusu Zentro Soziokulturalean. Hilaren 28an Gabonetako postalak apaintzeko tailerra egingo da eta, berritasun gisa, “parrandazaleen zinema-emanaldia” egongo da, bi film klasikorekin: Regreso al futuro II eta Alien. Abenduaren 27an eta 28an haurren xake-txapelketa egingo da Abusun, eta 28an eta 29an Haurren Gabonetako Parkea jarriko da kiroldegian.

Hilaren 29an egingo da haurren xake-txapelketa Gaztegunean, eta 30ean helduena. Eta, urtea amaitzeko, Muguruzaren “Black is beltza” filma izango dugu ikusgai Lonbon; ondoren, mahai-ingurua egingo da.

Urtarrilaren 2an, 3an eta 4an, aurrera jarraituko dute Gazteguneko jardunaldi teknologikoek, eta 3an eta 4an abian jarriko da elikagaiak biltzeko Adeckaren tren solidarioa. Hurrengo egunean Epifaniaren 46. edizioa egingo da eta, egun bat geroago, Errege Magoak Arandia egoitzara joango dira bisita egitera. Abusun, auzoko elkarteek Olentzerorekin lotutako beste zenbait jarduera antolatuko dituzte, baita Erregeen desfilea ere, urtarrilaren 5ean.

Erdigunearen egitaraua (PDF, 620 KB)

Abusu- Ollargan auzoetako egitaraua (PDF, 34 KB)

 
  • Cartel centro