Berriak

 

COVID-19k sortutako osasun-larrialdiko egoeraren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak Arrigorriagako Udalari planteatu zion Euskadiko komunitate musulmanean hildakoen tratamenduari eta ehorzketari buruz agertu zen arazoa konpontzen laguntzeko aukera.

Ehorzketa horiek Euskal Herritik kanpo egiten ziren orain arte, bai erlijioak eskatzen dituen baldintza bereziengatik, bai Euskal Autonomia Erkidegoan leku gutxi daudelako horretarako prestatuta eta erabilgarri. Pandemiak eragindako murrizketa-neurrien ondorioz, ezinezkoa zen gorpuak beste lurralde batzuetara eramatea.

"Arrigorriagan beti izan gara herri inklusiboa eta anitza, eta ikuspegi teknikotik proiektu egingarria zela ikusita, Eusko Jaurlaritzak planteatutako ekimenarekin elkarlanean aritzea erabaki genuen. Covid 19ren osasun-krisiak ustekabeko egoeren aurrean jarri gaitu, eta hain trantze mingarrian kolektibo horren eta bere senideen eskubideak bermatuko dituzten ekimenetan modu aktiboan parte hartu eta lagundu izanak pozten gaitu ".

Konponbide partziala eta aldi baterakoa da, gehienez 16 nitxo eta gehienez 5 urteko iraupena izango duena. Denbora hori igarotakoan, hobitik atera eta dagokien legezko destinoa eman beharko zaie. Dagozkion baldintzak eta betebeharrak Arrigorriagako Udalak eta Biktimen Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritza Nagusiak adostu dituzte.

Udalak bere gain hartzen du Landaederragako hilerri-parkean hamasei nitxo eraikitzeko administrazio-kontratazioa, dauden nitxoen forma, material eta konfigurazio berdinarekin. Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du obra osoaren finantzaketa.