Berriak

 

Erabateko salbuespen-egoera bizi dugu Covid 19tik eratorritako osasun-krisiaren ondorioz. Alarma-egoera dekretatu zenetik, hainbat fasetatik igaro dira administrazioak, eta guztietan ezaugarri nagusia testuinguru aldakorretara egokitzeko beharra izan da, ia egunero neurriak artikulatuz. Herriko jaiei dagokienez, osasun-irizpideak lehenestea izan da une oro oinarrizko premisa, eta, horregatik, Jai Batzordearekin batera jaiak bertan behera uztea erabaki zen.

Iratxe Rubio Kultura eta Jaietako zinegotziak orain arteko prozesua nolakoa izan den hausnartu du: "Ezinbestekotzat jotzen genuen erabaki horrekin batera, Madalena eguna sinbolikoki ospatzean oinarritutako proposamen alternatibo bat antolatu zen, edukiera mugatuko jarduerekin eta pilaketak saihestuz, beti argi izanda egoera aldatzekotan atzera egiteko aukera egon bazegoela. Era berean, kultur sektoreari gure ekarpen txikia egin nahi genion, krisi honetan ahaztu handienetako bat izaten ari baita. Aipatzekoa da gure sortzaileena ere neurri handi batean tokiko eta hurbileko kolektiboa dela, eta krisi honek eragindako gainerako gremioek eta kolektiboek bezainbeste laguntza eta bultzada ekonomikoa behar dituela. Ez da onargarria beste arlo batzuetan egiten den inbertsiotzat hartzea, eta kulturaz ari garenean gastua aipatzea etengabe”.

Gaur egun, eta egoerak arreta-neurriak zorroztea gomendatzen duenez, ez dira aurreikusitako ekitaldi gehienak mantentzeko baldintzak betetzen, eta, beraz, atzo Jai Batzordea eta udala bildu zirenean, Madalena egunerako aurreikusitako ekitaldi gehienak bertan behera uztea erabaki zen, eta honako hauek bakarrik mantentzea:

  • Meza nagusia
  • Txistulariak
  • Pergolan Abusu eta herriguneko sare solidarioei aitortza publikoa (edukiera mugatua)
  • Ekitaldi sinbolikoa udaletxean (publikorik gabe eta on line emateko)

Era berean, Arrigorriagako Udalak azpimarratu du ez dela jai-ekitaldi alternatiborik egin behar, gaur egungo osasun-alarmako egoeran onartu ezin ditugun pilaketak edo egoerak sor ditzaketelako, eta, horregatik, Arrigorriagako herritarrei eskatzen die orain arte erakutsi duten heldutasun bera izatea.