Berriak

 

Aurtengo Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra antolatuko da. Bigarren edizio honen berrikuntza nagusia da entitateek (elkarteek, tabernek, komertzioek, enpresek, instituzioek…) hartuko dutela parte ariketan, ariguneak sortuz eta babestuz. Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira eta bi ezaugarri dituzte: bertako kide guztiek euskara ulertzen dute eta Euskaraldiaren ariketan, ahobizi edo belarriprest rolak hautatuz, parte hartzea erabaki dute.

Arrigorriagako elkarteak, komertzioak, tabernak eta entitate publikoak hasi dira Euskaraldian parte hartzeko izena ematen. Euskaraldiko batzordea Arrigorriagako 50 entitateekin harremanetan jarri da dinamika azaltzeko helburuz.

Oso harrera ona izan du aurtengo proposamenak eta dagoeneko 20 entitatek eman dute izena: AEK, Arguia, , Burdindegia, Aritzberri, Arrigorriaga BHI, Arrigorriaga HLHI, Artizarra musikaltegia, Bitxi artisau tailerra, EH Bildu, Etorkizun futbol eskola, Eusko PC, Gure Magalean guraso elkartea, Guria ileapaindegia, Jasoka herri kirol kluba, Labayru farmazia, Mississipi taberna, Pinpilinpauxa liburutegia, Sasoitxu, Unai eta Aitor harategia, Arrigorriagako Udala eta Udal Euskaltegia.

Irailaren 27an amaituko da ariguneak sortzeko epea. Ordura arte izena eman duten entitateek bi motatako ariguneak sortuko dituzte: kanpo ariguneak, herritarrekin, euskara erabiltzeko aukera bermatzeko eta barne ariguneak, entitateko lankideen artean euskararen erabilera errazteko.

Irailean hasiko da herritarren izen ematea eta, aurrekoan bezala, aurtengo Euskaraldian ere aukera egongo da belarriprest edo ahobizi izateko. 2020ko Euskaraldiari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, emailez (arrigorriaga@euskaraldia.eus) edo whatsappez (688763074) jar zaitezke harremanetan ekimena dinamizatzen duen taldearekin.