Berriak

 

COVID 19ren krisiak udalekuen prestaketan murgilduta harrapatu zuen Arrigorriagako udala, baina aurten ez da posible izango, ez behintzat orain arte egin den formatuan. Udalak jakin badaki haurrek aisialdiaz gozatzea merezi dutela, eta familientzat aukera ona dela lana eta seme-alaben zaintza uztartzeko, baina kasu honetan osasunak izan behar du lehenbizikoa. Hala ulertu du Eudelek ere, udalekuen jarduera etetea gomendatu zuen euskal udalen elkarteak.

Gauzak horrela, eta kontuan hartuta udalekuak hasteko hilabete baino gutxiago falta dela eta edukiera muga dela, udalak udalekuak ez antolatzeko erabakiari eusten dio.

Udalak une honetan ez du enpresekin inolako kontraturik udalekuen zerbitzuagatik, beraz, ez antolatzeak ez du udal diru kutxarako gasturik suposatzen.

Hala ere Kultura, Euskara eta Kirol arloa elkarlanean ari dira, alternatiba bat garatu nahian, ludoteka eta Gazteguneko zerbitzuak ere kontutan hartuta. Datorren astean emango du udalak horren berri. Modu berean, urtero kanpusak antolatzen dituzten kirol taldeei jarduera horiek egitea erraztuko zaie, baldin eta osasun arau eta gomendioak eta edukiera mugak zorrotz betetzen direla ziurtatuz gero.