Berriak

 

Covid 19-ak eragindako ondorio ekonomikoak arintzeko asmoz 500.000 euro bideratuko ditu Arrigorriagako udalak hurrengo hilabeteetan. Tokiko merkataritza, enplegua eta egoera zaurgarrian dauden taldeentzako babes neurrietan oinarritutako diru laguntzak izango dira.

Plangintza hau ahalik eta lasterren martxan jartzeko nahiak bultzatuta, sakoneko beste erabaki bat hartu du udal gobernuak: "Covid 19aren krisia heldu aurretik gehiengo nahikoa geneukan aurrekontuak onartzeko. Egungo testuinguru ekonomiko eta sozialean aurrekontu horiek ez dira bideragarriak, hala ulertu dugu, eta horrek bi aukera uzten zizkigun: Edo aurrekontu berri batzuekin hasi, edo ditugunak luzatu, beharrezkoak diren aldaketak eginez” dio Maite Ibarra alkateak. "Bigarren aukera hobetsi dugu" gehitu du, "funtsezko arrazoi batengatik: Herritarrek, merkatariek eta taldeek epe laburrean beharko dituzte laguntzak, eta ezin ditugu aurrekontu berri bat negoziatzen dugun bitartean zain eduki. Ez gaude egoera luzatzeko moduan, eta ikuspegi tekniko batetik begiratuta ere erabaki eraginkorrena da".

Gaur goizean ospatu diren informazio batzordeetan eman du udal gobernuak erabaki honen berri, eta koronabirusak eragindako ondorio ekonomikoak arintzeko proposamen ekonomikoa luzatu die beste alderdi politikoei. 2019rako zehaztuta zeuden inbertsioetatik exekuzio fasean edo diru laguntza jasoko dutenak soilik mantenduko dira, eta arlo guztietatik ahalegin handia egin da, udalaren inbertsio ahalmena egungo egoerara bideratuz.

COVID-19 krisiari aurre egiteko aurrekontu-partidak 500.000 euro

Merkataritza eta enplegua 246.500 €

  • Merkataritzarako zuzeneko diru-laguntza
  • Tasen salbuespena
  • Sustapen-kanpainak ostalaritzan, ekintzailetzan eta langabezian.

Desinfektatzeko eta garbitzeko lanak 100.000 €

  • COVID-19 desinfekzio-lanak.

Gizarte-zerbitzuak 153.500 €

  • Familientzako transferentzien, gizarte-larrialdietarako laguntzen eta etxez etxeko laguntza- zerbitzuen partidak zabaltzea.
  • Eroski elikagai-bonuak.
  • Caritasentzako diru-laguntza handitzea.
  • Arrigorriagako eskolako ikasleen konektibitatea bermatzeko laguntzak.
  • Maskarak eskuratzea eta egitea.